Jai handi batekin eman diete amaiera Pasaian Gora Herriak jardunaldi mamitsuei
Festa handi batekin amaitu zituzten atzo, Pasai Donibanen, Gora Herriak jardunaldiak. Aurten Abya Yala herri indigenak izan dira protagonista eta hamaika hitzaldi eta ikuskizun izan dira.

Maiatzaren 22an hasita, kulturartekotasuna ospatzen duten Gora Herriak jardunaldiak egin dituzte Pasai Donibanen, Bixi Bixi kultur elkarteak antolatuta. Edizio honen erdigunea Abya Yala jatorrizko herriak izan dira. Hori da, hain zuzen ere, Panamako eta Kolonbiako herriek Amerika kontinentea izendatzeko sortu zuten izena, Europako kolonoek jarritakoaren ordezkoa.
Atzo jarri zioten txapela kultur hamabostaldiaren zortzigarren edizioari. Santiago plazatik eguerdian kalejira eginez hasi zuten eguna, Diablada de Pillaro ikusgarriak lagunduta. Azken hamarkadan hazi den ospakizun herrikoia da hori. Historiak dioenez, garai kolonialetan indigenak deabruz janzten ziren, espainiarrengandik jasotzen zituzten apaiz-predikuak eta tratu txar fisiko, psikologiko, ekonomiko eta morala gaitzesteko.
“Elezaharrak, kantu eta kontuak” ikuskizun ibiltariarekin segida eman eta amerikar jatorriko jakiekin egindako herri bazkariaren ostean iritsi zen ekitaldi nagusia.
EKITALDIZ BETETAKO PROGRAMA
Bi aste luzez hainbat ekimen egin dituzte. Aniztasun eta erresistentziaren inguruko hitzaldiak, hizkuntza biziberritzeei edo emakumeen lidergoei buruz hausnartzeko mahai-inguruak, bertsoak, kantuak eta, besteak beste, Olloki eta Ingot taldeen kontzertuak ere izan dira egun hauetan.
Zehazki, “Abya Yala: aniztasuna eta erresistentzia” izeneko hitzaldiekin ekin zieten jardunaldiei, Garabide sareko Jon Sarasuaren eta Yuma Forero antropologoaren eskutik, eta maiatzaren 27an “Nasa herria: hizkuntza biziberritzea” solasaldia izan zen; horretan nasa herriko Carlos Rudak eta Arkaitz Zarraga Azurmendi ekintzaileak hartu zuten hitza. Handik bi egunera, “Amalurra: emakumeen lidergoak Guatemalako Maia q’echi’ komunitatean” hitzaldia eman zuten Leire Artola Argiako kazetariak eta Amets Ladislao eta Malu Egiluz Etxalde Mugimenduko eta Via Campesinako kideek.
Hilaren 30ean hitzaldi-ikastaroa eman zuen Betania Mendoza bitartekaritza artistikoko bideratzaile argentinarrak, eta ekainaren 1ean kantuez eta bertsoez gozatzeko aukera izan zen Jon Sarasua Andoni Egaña, Eneritz Artetxe eta Nerea Elustondorekin.
Mugaz gaindiko herriez eta deskolonizazioaz ere mintzatu ziren, ekainaren 2an eta 4an, hurrenez hurren.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
