Nork berea!
Giro arraroa igarri nuen lehengoan campusera sartzean. Urtean behin ikusten den giroa. Jende gehiago ohikoa baino, goiz-goizetik, ezker-eskuin, aurrera-atzera, noraezean, hara-hona begira, galde nahian, bakarka edo taldeka, kopetilun, urduritasun zantzuak aurpegian, autoarekin zer egin jakinezean… biblioteka eraikinaren bueltan, Mikel Laboa plazatik kafe galduaren bila, berdeguneen bazterretik… Bai, bai, badakit. Segituan konturatu nintzen ni ere; unibertsitatera sartzeko proben eguna zen, eta campusa probaleku. Bai, badakit, baina ez naiz ikasleei buruz ari, gurasoei buruz ari naiz… Ikasleak? Pozarren campusean zehar, karpetak besapean, lagunen artean berbati, euskara nagusi, burua edukietan bor-bor, hasteko prest, deman, eta gero gerokoa… Baina gurasoena, gogorra benetan! Unibertsitatera sartzeko probetako ikasleen gurasoentzat ikastaroren bat antolatu beharko litzateke, campusera sartzeko orientabideak emateko edo…
Antolakuntza! Horixe defendatu hemengo sindikatu nagusiak bere kongresuan, baita konfrontazioa ere, greba bidaide. Faltan botatzen ei du euskal legebiltzarren barruan kanpoko eragileen mobilizazioen erresonantzia kutxa izan litekeen ezkerreko formazio politikoa. Eskala kontua! Lantegi mailako borroka moldea, arrakastatsua denean ere, ezin zuzenean gizarte sisteman txertatu, eraldaketa soziala ez baita lantegiko bisturi kontua. Gizartea askoz konplexuagoa da; ikustea baino ez legoke zer boto hartzen duten, hartzekotan, afiliatu horiek hauteskunde egunean. Hortaz, eskala eta ardura desberdinetako eragileen arteko konbergentziak eta dibergentziak ontzat eman behar dira dema soziopolitikoen ekosistema bizi batean. Erakundeetako malgutasun sendoa eta lantegiko konfrontazio zurruna bidaide izan daitezke, norabidea txirikordatua bada ere. Eta erresonantzia, nork berea!

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
