Kalean da «Beldur barik», eraso matxistarik gabe festa egiteko gida
«Beldur barik jaiak» izeneko kanpaina abiatu dute, udako jaietan parte hartuko duten gazteei zuzenduta, horien artean errespetuzko giroa eta segurua sustatze aldera. Emakundek gida argitaratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta Eudelekin.

Emakundek, Eudelek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek “Beldur barik jaiak” kanpainaren berri eman zuten atzo. Egitasmo horren helburua da «gazteei baliabide praktikoak ematea indarkeria matxista identifikatzeko eta horri aurre egiteko, eta errespetuzko eta segurtasuneko giroa sustatzea jaietako eta gizarteko jarduera guztietan».
Udarekin batera jaiak hasiko dira hainbat herritan, eta, eraso sexistak prebenitzea kezka orokorra denez, aipatutako erakundeek “Beldur barik” gida argitaratu dute, eraso matxistarik gabeko jaiez gozatzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan banatuko da argitalpena. Bertan, errespetuzko eremuak sortzeko jarraibideak agertzen dira, baita eraso baten aurrean nola jokatu behar den azaltzen dutenak ere, bai biktimarentzat berarentzat, bai eraso baten testigu izan direnentzat.
ERAGILE GUZTIAK INPLIKATUZ
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren esanetan, «herri bakoitzean erasoak prebenitzeko dinamikak eta prozesuak sortzea eta indartzea» da asmoa, jaietako eragile guztiak inplikatuz. «Azken helburua da pertsona guztiek jaiak beldurrik gabe eta askatasunean gozatu ahal izatea. Pertsona guztienganako errespetua bermatzea, ezerk ez baitu justifikatzen eraso matxista bat», azpimarratu zuen.
Esther Apraiz Eudeleko presidenteak, bestetik, herritarren konplizitatea eskatu zuen, erakundeekin elkarlanean aritzeko. «Gure jaietan poza nahi dugu, ez beldurra; errespetua eta berdintasuna nahi ditugu, diskriminaziorik eta indarkeriarik gabe», adierazi zuen. Gidak «kontzientziatzea bilatzen du, pertsona bakoitzak jakin dezan gorputzak ez direla baimenik gabe ukitzen. Ez dago festarik, ez dago dantzarik, ez dago balio duen topaketarik, ‘bai’ argi eta libre bat ez badago», nabarmendu zuen.
GAZTEEN BEGIRADA KRITIKOA
Ildo beretik mintzatu zen Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatua ere. «Pertsona bakoitzaren erantzukizun eta konpromiso indibiduala eskatu behar dugu berriro ere», esan zuen. Indarkeria sexista detektatzeko eta horren aurrean jarduteko tresnak erabiltzera animatu zuen jendea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Nerea Isasik gazteen zereginari erreparatu zion. «Sarritan, neska gazteak dira eraso matxisten aurrean zaurgarrienak, baina aldi berean gazteek kultura aldaketa bultzatzeko gaitasun handia dute: haien begirada kritikoa eta konpromisoa ezinbestekoak dira errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jai eredu bat eraikitzeko», azaldu zuen.
Bizkaiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko zuzendari Oscar Secok azpimarratu zuen funtsezkoa dela gazteek tresnak izatea edozein indarkeria mota identifikatzeko eta geldiarazteko.
Kanpaina sare sozialetan eta irratietan zabalduko dute, gazterian zuzenean eragiteko helburuarekin.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
