Jon GARMENDIA
Idazlea

Badakit

Geroz eta jende gutiagok erraten duela «Ez dakit», eta gauza askoren sintoma dela hori, gizarte honen joera azter daitekeela esaldi horri segika. Kafeari begiratu diot hau entzun dizudan bitartean, batzuetan kosta egiten zait begietara begiratzea, zer erran ez dakidanean, adibidez. Ez dakit hala ote den, ez dakit zein datutatik atera duzun aipamen hori, baina nire hurbilera joan, eta pentsatu dut dena jakin behar honek sortzen didala egonezina, gainera, dena ezin dela jakin jakinda. Egunero esnatzen den egun berri bat bezala, egunero sakondu behar direla gaiak, handitu jakinduria, agian hori heda behar litzatekeela, baina nola? Azpiratzaile eta azpiratuaren kontu bat ez ote den guztia, hantuste eta ignorantziaren klase borroka. Auskalo. Historiak ahantzi dituen jakintsuak ekarri dizkizut gogora halere, esaldia amaitu dudanerako erran didazu «Nor? Bota bat!», eta eskakizunak urduritasuna sortu dit. Monsieur Leblanc aipatu dizut, eta begiak bere tokian ezin eutsiz «Zu?» erran didazu. Ez, ez, ikasle xume bat baino ez naiz ni. Sophie Germain, matematikaria. Eiffel dorrea denok ezagutzen baitugu, baina ez dakigu zergatik mantentzen den zutik, oreka, elastikotasuna eta abar. Berak bai. Emakumea zen, ordea, eta horren kari aintzat hartzen ez zutenez, gizon ezizena erabili zuen. Ez zenekiela erran didazu. Bai, badakit.