Iraitz MATEO
DONOSTIA

«Nazio berpizte bat» bultzatzeko prest da Ernai gazte antolakundea

Udako kanpaina aurkeztu berri du Ernai gazte antolakundeak: «Ekin eta bultza askatasunera». Txiki eta Otaegiren fusilamenduen efemeridearen kariaz, «nazio bulkada» indartzeko baliatu nahi dute dinamika.

Ikasturte hasierako mobilizazioan independentzia aldarrikatu zuen Ernaik.
Ikasturte hasierako mobilizazioan independentzia aldarrikatu zuen Ernaik. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Nazio berpizte bat behar da, beste termino batzuetan». Baieztapen mardula da, baina hori da egungo erronka nagusia, Ernai gazte antolakundearen iritziz. «Ekin eta bultza askatasunera» lelopean aurkeztu dute udako kanpaina, eta 1975eko dataren oihartzunei jarraiki, efemeride hori baliatu nahi izan dute, egungo testuinguru politikoaren azterketa egiteaz gain, aurrera begira jartzeko. Hitzordu berri baten berri ere eman dute: irailaren 14a, Donostian.

«Txiki eta Otaegi hil zituzten, baina ez dute sekula herri honen askatasun nahia isilaraztea lortuko. Eta orain gu gara herri honek merezi duen etorkizunagatik borrokan jarraitzen dugunak. Gaur egungo gazteoi inoiz baino indartsuago bultzatzea egokitzen zaigu», adierazi zuten sare sozialen bidez zabaldutako bideoan. Amaiur Egurrola bozeramaileak azaldu dio GARAri: «Ez dugu irakurketa historizista bat egin nahi, baina bi figura hauen izaerari erreparatu nahi diogu: Txiki eta Otaegi bi gazte militante ziren, bi gazte independentista, frankismoaren garai latzenetan herri hau askatasunera eramateko hautua egin zutenak». Biak garaiko nazio askapen mugimenduari «bultzada» eman zioten gazte belaunaldi bateko kideak zirela aipatu du; «molde berriak ekarri zituen gazteria bat izan zen».

OINARRIZKO BI ALDARRI

Duela 50 urte baino lehenago abiatutako eta gaur oraindik egungoak diren «oinarrizko bi aldarri» daudela nabarmendu du Ernaiko bozeramaileak: Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza eta autodeterminaziorako edota erabakitzeko eskubidea. Horrek ere lotzen ditu, Ernairen arabera, bi garaiak, eta horri ere bultza egin nahi diote. «Gaur egun ziklo politiko berri baten inguruan hitz egiten badugu, da uste dugulako oinarrizko bi aldarrikapen horietan aurrera urratsak egiteko aukera daukagula». Gazte antolakundeak egiteko garbi bat duela uste du: «Borroka hori gaur egungo terminoetara ekartzea, gaurkotzea eta mugimenduaren misio historikoa izan den horretan aurrera urratsak egitea».

Erabakitzeko eskubidearen inguruko «giro bat» nabaritzen dutela esan du eta hori «alor ezberdinetan» sumatzen dutela. Alde batetik, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarri esplizitua egiten duten mugimenduak daude, eta, bestetik, beraien aldarri esplizitua edo zentrala izan gabe Euskal Herrian kokatzen diren borrokak; gutxieneko pentsioa Euskal Herrian erabakitzeko aldarria edota joan den ikasturteko greba feminista orokorra jarri ditu adibide gisa: «Mugimendu feminista estatu egitura propio bat izan ahal den zerbaitetaz ari da, instituzioa eta herri mugimendua elkartuko dituena, eta proposamen material bat egiten du zaintza sistema nola antolatu definitzen duena».

Borroka sozialak eta nazio aitortzaren borroka nola korapilatu; nazio askapen mugimenduak hastapenetatik izan duen erronka da hori, eta gazte perspektibatik ere egiteko bat badutela aitortu du Egurrolak: «Esaten denean bestelako politizazio eremu batzuk daudela, feminismotik, transmaribibollo borrokatik, ekologismotik… pentsatu behar da aldarrikapen hauek nondik datozen eta Euskal Herrian zein forma konkretu hartzen duten eta guk horrekiko zer eskaintza egiten dugun». Anbizio handiko erronka jarri dio Ernaik bere buruari: identitate independentista eta pertenentzia sentimendu hori gazteen artean zabaltzea.

«Inkestei erreparatu eta independentziaren aldarria ahuldua dagoela esaten da askotan, eta bai, izan daiteke, nazio pultsua ahulduta dagoelako, trantsizio momentu batean kokatzen garelako herri gisara; gure eginbeharra da pentsatzea nola ekarriko dugun nazio pultsu hori erdigunera», defendatu du. Eta, alde horretatik, gazte independentistak berpizkunde horri bultzatzeko prest daudela baieztatu du.