Iraia CAMBRA - Peli LEKUONA
Interview
Isa Eguiguren
Yala Nafarroa plataformako kidea

«Festa baliatu daiteke giza eskubideen alde egiteko»

Yala Nafarroa aurtengo sanferminetako txupinazoa botatzeko hautatua izan ondotik, herri palestinarraren eskubideen aldeko militantea aukeratuak izateaz mintzatu da, NAIZ Irratiaren galderei erantzunez. Genozidioa salatzeko eta munduari Iruñearen Palestinarekiko elkartasun mezua helarazteko aukera paregabea dela adierazi du.

(Aitor KARASATORRE | FOKU)

Yala Nafarroak botako du 2025eko sanferminetako txupinazoa. Palestinarekiko elkartasuna sustatzen duen plataformak bozketa publikoan babesik handiena jaso du, botoen %52,85 bereganatuz. Iruñeko alkate Joseba Asironek iragarri zuen erabakia.

Txupinazoa «genozidioaren aurkako esperantzazko suziri» gisa definitu zuen Isa Eguiguren plataformako kideak NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan. Yala Nafarroaren hautagaitza Iruñeko Peñen Federazioak eta Nafarroako Dominikako Etxeak aurkeztu zuten, eta Iruñeko Udalak adierazi zuen hautatua izan den plataforma «bakearen, justiziaren eta giza eskubideen aldeko lanagatik» nabarmendu dela.

AUKERA PAREGABEA

Prentsaurrekoan, plataformako ordezkari Lidon Sorianok esan zuen Palestinak bizi duen egoera «historikoki gogorrenetakoa» dela eta San Fermin jaiak aukera paregabea direla munduari elkartasun mezua helarazteko. «Pentsa dezagun, gu ospatzen ari garen bitartean, Palestinan jendea babesgabe dagoela», ohartarazi zuen Sorianok.

Yala Nafarroako kide Isa Eguigurenek NAIZ Irratiari azaldu zion txupinazo eguna «poza eta aldarrikapena» uztartzeko eguna izango dela. «Genozidioaren aurrean ezin dugu isilik egon, eta festa ere baliatu daiteke giza eskubideen aldeko aldarri egiteko», adierazi zuen Eguigurenek. Era berean, aholkatu zuen jendeak txupinazo egunean sinbolo txikiren bat eraman dezala, Palestinarekin elkartasuna erakusteko: pin bat, kamiseta bat edo beste zerbait.

«Mundu osoari erakutsiko diogu Iruñeak Palestinarekin duen elkartasuna eta, batez ere, kendu dieten alaitasunerako eta festarako eskubidea aldarrikatuko dugu», azaldu zuen. Izan ere, haren ustez, sanferminak «plataforma paregabea» izango dira Palestinak behar dituen aldarrikapenak plazaratzeko.

Horregatik, txupinazoaren unea «oso hunkigarria» izango dela aurreikusten du. «Haiek esaten digute oso garrantzitsua dela egunero beraiez hitz egitea. Haiez hitz egin behar dugu», azpimarratu zuen Eguigurenek.

Yalako kideak gogoratu zuen genozidio hau «kupidagabea» izaten ari dela. «Atzo 70 pertsona hil zituzten tiroz, janari bila zihoazela. Ume asko gosez hiltzen ari dira. Hau dena ezin dugu baztertu, nahiz eta festak izan, nahiz eta izugarri disfrutatu sanferminetan», aipatu zuen Eguigurenek. Gazarekin duten harreman zuzenari esker, albistea bertara iritsi dela baieztatu zuen, nahiz eta, komunikazio zailtasunak medio, oraindik ez zuten erantzun zuzena jaso. Dena den, Eguigurenek esan zuen Palestinako herriak «pozez eta eskertuta» jaso duela berria. «Esperantza handiarekin hartu zuten albistea. Asko eskertzen dute jendea mugitzea... Ez ahazteko eta egunero beraiei buruz hitz egiten jarraitzeko eskatzen digute».

ISRAELEKIN HARREMANAK ETETEKO MOZIOAK

Yala Nafarroak udaletan Israelekin harremanak eteteko mozioak bultzatzen jarraituko duela iragarri zuen Eguigurenek, nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen gomendioak aintzat hartuta. «Presio handia egin behar dugu erakundeetatik eta kaleetatik, genozidio hau bukatzeko», nabarmendu zuen. Uda honetan ekimen gehiago prestatzen ari direla azaldu zuen Eguigurenek, opor sasoia den arren eta mobilizazioak antolatzea zailagoa izan arren.

Yala Nafarroa plataformako kideak adierazi zuenez, «demokraziaren eta nazioarteko legediaren defentsan jardutea denon ardura da, eta Palestinaren aldeko borrokak guztiongan oihartzuna du».