INGURUNE DIGITALA IKUSPEGI FEMINISTATIK ARAUTZEAZ
EHUko Udako Ikastaroek eta Emakundek elkarlanean antolatu dituzte «Datozen belaunaldientzat Internet seguru eta feminista bat pentsatzen» jardunaldiak. Asteartean abiatu ziren eta atzoko saioan eremu digitala arautzeko beharraz eta horren zailtasunez mintzatu zen Nuria Reche doktorea. Bere ustez, «konstituzionalismo global baterantz» egin behar da bidea.

Nola arautu daiteke Internet bezalako eremu zabal bat? Nola egin hori perspektiba feminista batetik? Galdera horiei erantzuten ahalegindu zen atzo Elxeko Miguel Hernandez Unibertsitateko doktore Nuria Reche Tello “Teknologia berrien arautzea eta perspektiba feminista” hitzaldian, EHUk eta Emakundek elkarlanean antolatutako Udako Ikastaroen barruan.
Ingurune digitala «etengabe eboluzionatzen eta hedatzen» ari den eremua dela esan zuen, hasteko, Rechek, eta gure egunerokoa eraikitzen eta baldintzatzen duela. «Gogoratu behar dugu aukera leihoak ere irekitzen dituela; adibidez, Interneten hastapenetan emakumeen parte-hartzea indartu zen, baina egun genero estereotipoak eta indarkeria matxista erreproduzitzen den espazioa ere bada», zehaztu zuen. Teknologia ez dela ez ona, ez txarra, baizik erabileraren araberakoa dela esaten da askotan, eta, bere ustez, baieztapen hori ez da zuzena: «Teknologiek generoa dute, beren diseinuan eta beren erabileran; gizonek gizonentzat egindakoa da». Eta «guztiz politikoa» denez, arautu beharra dagoela aldarrikatu zuen: «Legeek botere harremanak arautu behar dituzte, eta, ondorioz, afera honi ere legeak erantzun behar dio».
Datu batzuk eman zituen; horien artean, azken urteetako ziberindarkeriaren gorakada, «faltsifikatutako eduki sexualak» eta emakumearen aurkako indarkeria eta jazarpena. Estatu espainolean 2023an 1.084 sexu delitu salatu ziren, eta emakumeak zein adin txikikoak ziren biktimen hiru laurden baino gehiago. Bestalde, Interneteko zenbait mekanismok emakumea «eztabaida publikotik kanporatzea» ere eragin dutela baieztatu zuen: «Emakumeen gutxiespena profesionalki eta pertsonalki, autozentsura, online bidezko eztabaida publikoa uztea, eta mundu fisikoan ere eragitea; eta horri diskriminazio algoritmikoa gehitu behar zaio». Ingurune digitalean genero arrakala ere handia dela nabarmendu zuen; «erabilerari eta trebetasunari dagokionez, emakumeak gailentzen gara; adituen artean, ordea, arrakala handia da».
OINARRIZKO ESKUBIDEAK
Testuingurua labur azaldu ostean, eremu digitala arautzearen inguruko eztabaidari heldu eta egun dauden zenbait joera azaldu zituen adituak. Lehenik eta behin, bere esanetan, oraindik teknologia gizartean modu orokorrean ezarrita ez dagoenez, «errazagoa» izan daiteke erregulatzea; baina, era berean, zailtasunak sortzen omen ditu etengabe mugimenduan egoteak.
Europar Batasunak (EB) «ardura printzipioa» lehenetsi duela adierazi zuen, eta «arrisku ikuspegia» kontuan hartuta ari direla arauak osatzen. Aldi berean, gogoratu zuen Europar Batasunaren funtzioari men eginez «politika publikoez hitz egitean oinarrizko eskubideak bermatzeaz» hitz egin behar dela eta horiek eremu digitalera eramatea bermatu behar dela.
Recheren ustez, konstituzionalismo global baterantz joatea izan daiteke arautzea ahalbidetzeko irtenbideetako bat eta hori Nazio Batuen Erakundeak bideratu beharko luke. Horretarako, botere politikotik botere ekonomikora atera beharko lirateke, eta gobernantza eredu berriak martxan jarri. Helmugatzat konstituzionalismo global hori hartuz, egun arautzeko egin diren saiakera ezberdinak eta horien aurrean ikuspegi feminista batetik egindako kritikak azaldu zituen doktoreak.
EBk aurkeztutako “2030 hamarkada digitala” programari buruz ere aritu zen, eta salatu zuen «herritar guztiak herritar digitalak» izateko sortutako programa izan arren eta erakundeko zenbait printzipio babestu arren -besteak beste, askatasunarena edota pertsona erdigunean jartzearena-, «berdintasun» kontzeptua ez dela aipatu ere egiten. Subjektu politikotzat «pertsonak» izendatzen ditu, eta ondorioz emakumeen zapalkuntzan ez da arretarik jartzen eta ez da politika zehatzik garatzen.
Emakumeen bazterketa
2025eko Eurobarometroaren ondorioak ere plazaratu zituen; izan ere, digitalizazioaren eraginarekin «jendartea oro har pozik» dagoela adierazi zuen ikerketak eta kezka handiena sortzen duena adin txikikoen babesgabetasuna dela. «Txostena irakurrita, ondoriozta daiteke emakumeon bazterketak eta emakumeok jasaten dugun indarkeriak ez duela jendartea kezkatzen, eta aldarrikatu behar dugu emakumeok oztopoak ditugula ingurune digitalean ere», ohartarazi zuen.
Europar Batasuneko programaren inguruan lehenago egindako hausnarketari beste bat gehitu zion mintzaldiaren amaieran Reche doktoreak: «Kontuan hartu behar dugu Europar Batasuna ere bidegurutze batean dagoela. Alde batetik, oinarrizko eskubideak bermatzeko eta babesteko ardura bete behar du baina, bestetik, digitalizazioa moteltzen ari dela kritikatzen diote. Eta ez da oreka erraza, eskubideak babestu behar baitira, baina etengabe hazten eta hedatzen ari den ingurune digitala oso azkar doa».
BIDEA EGITEKE
Baieztapen batetik abiatu zen hitzaldiari itxiera emateko: «Ingurune digitalean emakumeen eta neskatoen bazterketa eta haien aurkako indarkeria erreproduzitzen da». Hori horrela izanik, arautu beharra dagoela aldarrikatu zuen beste behin unibertsitateko doktoreak, egun transbertsalitatea bermatzeko zailtasunak daudela aitortuta. «Europar Batasunean, sortu beharreko arauetarako, marko jakin bat sortu behar da; ikusi dugu perspektiba integrala falta dela, eta, nire ustez, zenbait mekanismo nahitaez jaso beharko lituzke: prebentzioari, arretari, zigorrari eta minaren erreparazioari dagokienez, berariazko mekanismoak sortu behar dira», azaldu zuen.
Egiteko asko dagoela esanda, teknologiaren alor guztietan perspektiba feminista integratzea ezinbestekotzat eta lehentasunez egin beharreko lantzat jo zuen.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
