Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Memoria

Bilboren erorketaren 88. urteurrena izan zen atzo. Bada, beraz, egun aproposa atzera begiratzeko eta nondik gatozen ohartzeko. Gainera, aurtengoa urteurren historikoz beterikoa da. 50 urte betetzen dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik, Francoren heriotzatik, edo Juan Carlos Borboikoaren koroatzetik. Iraganaz, baina bereziki orainaz hausnartzeko asko eskaintzen diguten uneak dira. Dena dela, oraingoan, arreta beste nonbait jarri nahi dut: nazien kontzentrazio-esparruen askapenaren 80. urteurrenean.

Kontzentrazio-esparruen historia eta eragina ezagutzen ditugun arren, garrantzitsua da horietan euskaldunak ere egon zirela azpimarratzea. Bilborekin jarraituz, 57 bilbotar izan ziren kontzentrazio-esparruetan egotera behartuak, zehazki. Esparruen ondorioak pairatu zituzten gehienak juduak izan ziren, baina sistematikoki hil zituzten ere ijitoak, ezgaitasunak zituztenak, homosexualak, beltzak eta disidente eta aurkari politikoak. Azken hauen artean abertzaleak, anarkistak, errepublikanoak eta komunistak zeuden. Aipaturiko euskaldunak antifaxistak ziren, eta gehienak altxamendu frankistaren eta ondorengo diktaduraren aurka borrokatu ziren. Ihes egitera behartuak izan ziren, eta muga zeharkatu ondoren, Hirugarren Reicharen diktadurarekin topo egin zuten. Sistema totalitario batetik ihes egin eta beste sistema totalitario batean erori ziren.

Gure historia ez ahaztea funtsezkoa da; beraz, bada garaia euskaldun antifaxista horiek behar bezala aitortzeko, omentzeko eta gertatutakoa zabaltzeko. Badakigu iragana ahazteak etorkizunik ez izatea dakarrela. Hortaz, ez da soilik igaro denarekiko zorra eta konpromisoa, baita etorkizunarekiko beharra eta ardura ere. Batez ere, une zehatz honetan, non internazional erreakzionarioak eta haren agenda autoritario eta antidemokratikoak mundu mailan gero eta pisu gehiago duten, eta gizarte-sektore zabaletan nabarmenak diren ezinegonak eta beldurrak hauspotzen dituzten. Finean, ezinbestekoa da atzera begiratzea eta gure iragana gogoratzea, oraina eta etorkizun antifaxista aldarrikatzeko.