Aitor Arregi: «Bittor Arginzonizen diskurtsorik onena bere isiltasuna da»
Bigarren egin du Axpeko Etxebarri jatetxeak, beste urte batez, munduko onenen zerrendan. Pozik dago Aitor Arregi ere, Elkanok lau postu gora eginda, 28. lekutik 24.era; zenbakiak gutxienekoa dira getariarrarentzat, euskal kulturak eta sukaldean jarduteko moduak nazioarteko gastronomian lekua izatea da sariaren balioa, bere iritziz. Aitzindaria, euskal sukaldarien «itsasargia» da, bere esanetan, Bittor Arginzoniz.

Munduko bigarren jatetxe onena da Etxebarri, The World's 50 Best Restaurants sariaren epaimahaiaren iritziz. Iaz postu bera eskuratu zuen. Mutu zegoen Axpeko jatetxeko telefonoa joan den ostiralean, sari-ematearen biharamunean. Mutu, Arginzoniz.
Ez da fokupean jarri zalea; bere eguneroko lana da hitz egiten duena. «Bere diskurtsorik onena bere isiltasuna da. Bere isiltasunaren eta sentsibilitatearen bidez gauza asko esaten ditu», esan zion telefonoz GARAri Aitor Arregik Italiatik Euskal Herrirako bidean.
«Azken urteotan bihotza ahotik atera beharrean egoten gara sari-ematean. Gugatik baino askoz urduriago egoten naiz Bittorrengatik, eta atzo ere hala izan zen. Azken momentura arte ez genuen jakin munduko onena ala bigarren onena izango zen», esan zuen.
Aitzindaria izan da bizkaitarra eta haren balioa nabarmendu du Arregik. «Berak jarri du parrillaren ikuspegia munduan duela urte batzuk eta horren atzetik etorri gara beste batzuk. Argentinako Don Julio ere hor kokatuko nuke. Bittor izan da parrilla aktualizatu duena, gure kasuan arranparrilla».
Itsasargia. «Bittorrek ondo islatzen du euskaldunon izaera. Egunero lana eginez eta ingurua errespetatuz, itsasargia da», nabarmendu zuen.
KATEA
Kantauriko arrantzaleekin batera osatzen duen katea azpimarratu du sariak, baita kultura ezagutarazteko bidean egiten duen ekarpena ere. Gure kultura eta izaera partekatzeko aukera gisa ikusten du saria Aitor Arregik. Hauexek dira, hain zuzen, Elkano proiektuaren habeak.
Zenbakiak gutxienekoa direlakoan dago Aitor Arregi. «Hona etorri izana, bere horretan, oparia da. Interesgarria da, Getaria bera eta herrian arrantzaleen eskutik itsasontzitik lurrera iritsi zen arranparrilla bisualizatzen delako munduko pertsona asko biltzen dituen topaketan. Hortik aurrera 50, 36 edo 4... zenbakiak gora-behera ibiltzen dira. Ez ginen etorri pentsatuz 50. postua egitea txarra zenik. ‘Ze ondo, hemen gaude!’ izan zen gure pentsakizuna; eskertuta gaude», esan zuen.
Garaikurren lehiak ez gaitu itsutu behar, Arregiren ustez. «Barkua ez da mugituko kanpoko balizen haizearekin, baina sariak haize ona dira itsasontzia hobeto joateko. Kanpotik datozen bultzadak ongietorriak dira, egiteke ditugun kontuak egiten laguntzen dutelako. Baina motorra etxean dago, bertan egiten dira gauzak», azaldu zuen. Sariak bultzada, ilusioa eta konpromisoa dira Arregirentzat. «Alderdi positiboak ditu eta konpromisoa hor dago, baina ez sariak ematen dizkigutelako bakarrik. Konpromisoa dago gure kasuan Elkano aitak ireki zuen lehen egunetik».
«Bittorren konpromisoa da bere inguruarekikoa eta bere etxera doazenekikoa. Eta denok egin beharko genuke gauza bera. Gustatzen zaiona besteekin konpartitzen du. Errekonozimenduak jarraitzeko bultzada dira, baina eguneroko bezeroak dira etxea egiten dutenak», gaineratu zuen.
Jatetxe baten balioa zenbakitan neurtzeak «zentzu gutxiago» du, Elkanoko arduradunaren esanetan. «Sariak etortzen ez direnean ere berdinak izango gara gu», esan zuen bere neurria eman nahian. Aurtengo edizioan Etxebarri eta Elkano dira euskal jatetxe bakarrak. «Beste euskaldunak egon dira zerrendan: Juan Mari Arzak, Andoni Aduriz iaz arte egon da; zer esanik ez, Eneko Atxa, eta Josean Ariza. Denek konpromiso berarekin jarraitzen dute. Orain Asiako sukaldari asko dago zerrendan, gero ez dakit zer gertatuko den. Ezin dugu perspektiba galdu pentsatuz egia hau dela, zenbakia. Bakoitzak ezberdin ikusten du. Michelinek bakarra eman dio Bittorri. Nola? Beste zerrenda batzuetan badaude aipatu dizkizudan euskaldunak eta hemen ez. Zein da egia? Egia plurala da». Aurrera begira, ezin zilborrari begira egon. «Etxeko lanak badauzkagu egiteko, sozializazioa tartean. Gauza asko ditugu hobetzeko. Ezin dugu begiratu sariek gutaz zer dioten guk hori egiteko.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
