Gaza ahaztuta, Israelen eta Iranen artekoak isilarazirik
Gazako palestinarrek ikusten dute Armada israeldarrak egunero egiten dituen sarraskiak lausotu egiten direla Israelen eta Gazaren arteko gerraren ondorioz. Mundua Irani begira dagoen bitartean, genozidioak jarraitu egiten du. «Irango gerra gorabehera, Gazak existitzen segituko d,u eta gure etxe eta lurretara itzuliko gara».

Gazako zerrendako biztanleek ikusten dute eskualdean fokua Iranera mugitzen ari dela, Israelek eragindako gerra dela eta, eta haiek are ahaztuago geratzen ari direla, «munduaren begirada guztiak» beste gatazka batean jarrita.
«Irani buruz bakarrik hitz egiten dute, eta gu ahaztuta geratu gara», dio Salhiya al Deeb-ek.
Joan den ostiraleko goizaldean Israelek Iranen aurkako erasoaldiari ekin zion, programa nuklearra deuseztatzeko aitzakiaz. Iranek egindako bonbardaketei erantzun zien, eta indarkeria gora joan da, egunetik egunera. Indarkeria horrek arreta Iranera desbideratu du, Israelek eskualdean duen beste fronte batera.
Gaza Hiriko Al-Shujaiya auzoko emakume batek, Siham al Deebek, zerrendako egoeraren berri ematen duten eta Israelek Palestinako lurraldean egindako krimenak salatzen dituzten edukiek behera egin dutela azaldu du, «jendea Irango gerrarekin harri eta zur dagoenetik».
«Horrek guztiak behera egin du, lehen zegoenarekin alderatuta», esan du, Iranen eta Israelen arteko gatazkarekin mundua lanpetuta dagoelako etsita.
Joan den astean erasoak hasi zirenetik, gutxienez 224 pertsona hil dira Iranen (Gobernuak iragan igandean emandako datuen arabera), eta beste 24 Israelen. Gazan, 55.637 dira hildakoak (erregistratuta eta identifikatuta, benetako zenbakia askoz handiagoa baita) eta 129.880 zaurituak, 2023ko urrian Israelek erasoaldia hasi zuenez gero.
Gazatarren arabera, zerrendaren aurkako bonbardaketek behera egin dute, Israel Irani ere su egiten hasi zenetik. Hala ere, oraindik ere jaurtigaiak erortzen dira urte eta erdi baino gehiago zigortuta egon den lurralde batean. Eta biktimen kopurua ez da jaitsi. «Egunero hirurogei pertsona hiltzen dira, ehun pertsona, zaurituez batera», dio Salhiya al Deeb-ek.
HILDAKOAK PILATZEN ARI DIRA
Siham al Deeb-ek munduak bere begirada herri gazatarrari zuzentzen jarrai dezala eskatu du: «Hau ez da gerra bat, genozidioa baizik. Hilketak, suntsipena, gosetea eta bizitzeko bitartekoak falta dira».
Zerrenda gosetea pairatzen ari da duela hilabeteak, Israelek Palestinari bi hilabetez ezarri zion laguntza humanitarioaren sarreraren blokeoak areagotuta. Gosea, Sihamen ustez, gazatarren artean «liskarra sortzeko» erabiltzen du Israelek.
Janari zati baten zain itxaroten dute palestinarrek ilara luzeetan, kamioien aurrean edo AEBk eta Israelek antolatutako «laguntza» banaketako konplexu militarizatuen aurrean. Askotan jende olde bihurtzen dira inguru kaotiko batean. Ohikoa da soldaduek jendetzari tiro egitea.
«Jendeak heriotzari aurre egin behar dio, laguntzak sartzen diren lekuetan irin zakua lortzeko», dio Yaser Saadatek.
Gaza Hiria betetzen duten desplazatuen kanpin denden artean, Yaserrek ohartarazi ez duela inolako laguntzarik jaso banaketa hauek hasi zirenetik.
Ezta Mohamed Mhaiseen ere, Al-Shujaiya auzotik joandako beste desplazatu bat, Gazako hiriburuaren barruko eremu seguruagotzat jotzen denean. «Zergatik bidaliko ditut haurrak heriotzara?», galdetu du janari banaketei buruz.
«Laguntzek heriotza besterik ez dute eragiten», uste du, eta bere seme-alabak «han hil baino lehen etxean hiltzea nahiago» duela adierazi du.
GAZA EXISTITZEN DA ORAINDIK
Heriotzen aurrean, gazatar askok Interneten eta gailu mugikorretan komunikazio iturri bat aurkitu dute, zerrendako beste toki batzuetan bizi diren beren senideak bonbardaketetatik bizirik atera direla ziurtatzeko.
Joan den astean Gaza osoa inkomunikatuta geratu zen, Internet eta telefonia finkoko zerbitzu guztiak eten zirenean.
«Internetik gabe ez dugu ezer balio eta ez dakigu ezer munduko albisteei buruz», azaldu du Mohamedek. Konexioa garrantzitsua da kanpoan gertatzen denaren berri izateko.
Zerrendan Interneteko konexioa nahita moztea leporatzen dio Yaser Saadatek Israeli, «gure mezua mundura irits ez dadin, jendearen sufrimendua azaldu ez dezagun, Gazan egiten ari diren krimenak dokumentatu ez ditzagun».
«Irango gerra gorabehera, Gazak existitzen jarraituko du, eta gure etxe eta lurretara itzuliko gara», dio Mohamedek.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
