ASIER ROBLES
BILBO

Zinegoak jaialdiak Taiwango queer zinema aitortuz hasi du 22. edizioa

Zero Chou zinemagile taiwandarrak jaso du Zinegoak 2025eko Ohorezko Saria. «Haren ausardia eta talentua, eta mugak gainditzen, estereotipoak hausten eta mundu bidezkoago eta inklusiboago bat sustatzen duen zinema» sortzeko ardura nekaezina aitortu dizkiote. Zinegoakek proiekzioak, hitzaldiak, antzezlanak, kontzertuak eta jardunaldi profesionalak antolatu ditu ekainaren 30era arte.

Hoho Liu Taiwango queer zineman aitzindaria eta Alaitz Arenaza Zinegoakeko zuzendaria.
Hoho Liu Taiwango queer zineman aitzindaria eta Alaitz Arenaza Zinegoakeko zuzendaria. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia atzo hasi zen ofizialki Arriaga Antzokian egindako inaugurazio galarekin. ‘Esanezinen’ emanaldiak, Aner Peritz bertsolariaren parte hartzeak eta Sara Fantovaren ‘Jone, batzuetan’ filmaren aurrestreinaldiak girotu zuten ekitaldia.

Galan Zinegoak 2025eko Ohorezko Saria eman zioten Zero Chou zinemagile taiwandarrari. Osasun kontuak direla eta, Chouk ezin izan du Bilbora joan, eta haren izenean bere zenbait filmetako argazki zuzendari Hoho Liuk jasoko du, hau ere Taiwango queer zinemako erreferentzia baita. Saria DAMAk babesten du, ikus-entzunezko sortzaileen eskubideak kudeatzen dituen erakundeak.

Zinegoakeko zuzendari Alaitz Arenzanak azaldu zuen Zinegoakentzat ohore bat dela saria Zero Chouri ematea, «Taiwango zinema garaikidean eragin eta konpromiso handienetakoa duen zinemagileari. Haren ausardia eta talentua, eta mugak gainditzen, estereotipoak hausten eta mundu bidezkoago eta inklusiboago bat sustatzen duen zinema sortzeko ardura nekaezina aitortuko dizkiogu. Zero Chouren lana gizartea eraldatzeko tresna indartsua da, eta gure asmo sakonenen ispilu izan daitekeela erakusten duen adibide garbia da».

Zero Chou, jatorriz Keelungekoa (Taiwan), filosofian graduatua da Chengchiko Unibertsitatean, eta kazetaritzatik hasi eta ikus-entzunezkoen zuzendaritzara arteko karrera egin du. 90eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, film laburretan bere lanik esanguratsuenen muina izango ziren gaiak aztertu zituen: identitatea, maitasuna, justizia soziala eta queer eskubideak.

MOLDEAK ETA GENEROAK APURTZEN

Zinema moldeak eta generoak apurtzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen da, istorio errealistak eta intimoak drama historikoekin, thrillerrekin eta melodramekin konbinatuz, betiere estetika bizi eta zainduaz. Zero Chouren lana, bisualki txundigarria izateaz gain, queer esperientzien irudikapenarekin ere konprometituta dago, batez eta euren testuinguruan, non gai horiek oraindik ere erresistentziari eta kontserbadurismoari aurre egiten dioten.

‘Tongzhi’ trilogiak berebiziko garrantzia izan du Asiako LGBTQ+ istorioak ikusarazteko. Film hauek maitasun harremanetatik eta identitateetatik gizarte borrokataraino heltzen dira, mugak gainditzen dituen irudikapen eta enpatia espazio bat sortuz.

Zero Chouk telebistan, ‘Gloomy Salad Days’ eta ‘Because of You’ telesailetan eta ‘Project Rainbow in Six Asian Cities’ bezalako nazioarteko proiektuetan ere lan egin du, non publiko global batengana queer esperientziak hurbiltzen jarraitzen duen. Haren ikuspegi artistikoak ametsen esplorazioa eta errealitatea uztartzen ditu.

Alaitz Arenzanak atzo azpimarratu zuenez, «Zero Chou ahots ausarta izan da eta bada berdintasunaren eta LGBTIQ+ eskubideen aldeko borrokan zinemaren eta telebistaren industrian, tradizionalki kontserbadorea izan den sektorean. Hark adierazi du bere helburua dela etorkizunean LGTBIQ+ etiketa beharrezkoa izateari uztea, berdintasunak eta justizia sozialak unibertsalak izan behar dutelako».

«Haren lanak Taiwango zinema aberasteaz gain, mundu osoko zinemagileen eta aktibisten belaunaldiak inspiratu ditu. Bere narratibaren indarrak, konpromiso sozialak eta berrikuntza formalak Zero Chou funtsezko figura bihurtzen dute, zinema garaikidea eta giza eskubideen aldeko borroka ulertzeko», esan zuen.