Aldarri antifaxista egingo du EH Bilduk azaroaren 22an Bilbon
Faxismoari aurre egiteko kanpaina abiatuko du udan EH Bilduk, eta azaroaren 22an Bilbon egingo den manifestazio nazional batekin amaituko da, atzo Arkaitz Rodriguezek Donostian egindako agerraldian azaldu zuenez.

“Euskal Herria askatasun haizea” lelopean, manifestazio antifaxista nazionala egingo du EH Bilduk azaroaren 22an Bilbon, Casilla eta Udaletxearen artean. Horrela iragarri zuen EH Bilduko Ekintza Politikorako idazkari Arkaitz Rodriguezek, Lauaxeta fusilatu zuteneko urteurrena zela-eta Donostian egindako agerraldian. Bertan, uda osoan zehar indarrean egongo den kanpaina aurkeztu zuen. Azaroaren 22ko manifestazioa izango da kanpaina horren itxiera.
Rodriguezek atzo gogoratu zuenez, 2025. urteko azken txanpan esanahi politiko handiko hiru urteurren izango dira jarraian: Txiki eta Otaegiren fusilamenduen, Francisco Francoren heriotzaren eta Juan Carlos Borboikoaren koroatzearen 50 urte beteko dira.
Urteurren hirukoitz hau testuinguru berezian iritsiko dela gaineratu zuen Rodriguezek.
Alde batetik, Donald Trumpen agintaldi berriak hauspo nabarmena eman dio internazional erreakzionarioari mundu mailan.
Honekin batera, Estatu espainol eta frantsesean ere bloke erreakzionarioa indartzen ari dira, aurki gobernuetara heltzeko aukerak izanik.
Bitartean, Euskal Herriaren nazio aitortzaren eta estatus politikoaren gaineko eztabaida zabalik dago.
«Hego Euskal Herriaren kasuan, estatus politiko berri baten gaineko balizko adostasun batean parte hartzera deituak leudekeen indar politiko guztiak ere bat datoz, esaterakoan balizko adostasun hori saiatzeko eta, kasuan, legokiokeen prozesu politiko-instituzionala abian jartzeko unea orain dela», gaineratu zuen.
NAZIO IZAERA ETA BURUJABETZA
Gauzak horrela, kanpaina antifaxistari ekingo dio EH Bilduk. Lehen helburua Euskal Herriaren nazio izaera eta burujabetza aldarrikatzea da.
Bigarren helburua, «abagune honetan, duela 50 urte frankismoa ‘lotuta eta ondo lotuta’ utzi zuen hori askatzeko premia eta aukera dagoela mahai gaineratzea da, eta baita, horretarako, Txiki eta Otaegik sustatu zuten ‘askatasun haizea’ hauspotzen jarraitu beharra dagoela azpimarratzea ere».
Hirugarren helburua faxismoaren biktimei omenaldi nazionala egitea da, erresistentzia eta borroka antifaxistari gorazarre egitea eta berrespen antifaxista egitea.
Horrela, faxismoaren biktima guztiak omenduko dira: Francisco Francoren Estatu-kolpe faxistaren eta ondorengo errepresio frankistaren 17.000 biktima, Txiki eta Otaegi eta FRAPeko hiru kideak, Santi Brouard, Josu Muguruza eta Estatu terrorismoaren gainerako biktimak.
«Duela 50 urte Euskal Herria erresistentzia-foku antifaxista izan zen, eta izaten jarraituko du», aldarrikatu zuen Rodriguezek.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
