Ion SALGADO
GASTEIZ

Estatuaren biktimen legea irekitzeko eskatu dute torturatuek, aitortza bila

Euskal Herriko Torturatuen Sareak EAEko 12/2016 Legea, Estatuaren indarkeriaren biktimen legea, berriro ireki dadila eskatu zion atzo Gasteizko Legebiltzarrari, «egia, justizia eta erreparazioaren bidean benetako aurrerapausoak emateko». Bizikidetza demokratikoan aurrera egiteko ezinbestekotzat jotzen dute lege esparru hori zabaltzea.

Euskal Herriko Torturatuen Sareak Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egindako agerraldia.
Euskal Herriko Torturatuen Sareak Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egindako agerraldia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gaur Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Eguna dela-eta, atzo Euskal Herriko Torturatuen Sareak Gasteizko Legebiltzarrari aitortza eta erreparazio ofizialerako mekanismoak gara ditzala exijitu zion. Zehazki, EAEko 12/2016 Legea, Estatuaren indarkeriaren biktimen legea, berriro ireki dadin «beharrezko ekimen eta akordio politikoak gara ditzala» eskatu zion sareak, iaz Egiari Zor fundazioak egindako eskaerarekin bat eginez.

Jon Liguerzanak eta Amaia Urizarrek hau nabarmendu zuten Gasteizen egindako agerraldian: «Lege hori da tortura pairatu duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pertsonak babesteko mekanismo bakarra gaur egun. Eta, Nafarroa Garaian bezala, epemugarik gabekoa izatea ezinbestekotzat jotzen dugu, 1960tik 2014ra bitartean tortura pairaturiko herrialde horietako pertsona guztiok aitortza eta erreparazio ofizialerako eskubidea izan dezagun». EAEren kasuan, legeak 1976 eta 1999 artean gertaturiko giza eskubideen urraketak soilik aitortzen ditu, gainera.

«Torturatuon aitortza ofizialerako babes mekanismorik gabe denbora luzeagoz jarraitzeak sufrimendu horren erreparazioa bideraezina egiten du, betikotu egiten du», eman zuten aditzera Legebiltzarraren aurrean. «Milaka izan gara herri honetan tortura pairatu dugun pertsonak -5.000tik gora dira Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ikerketaren arabera-. Eta gure herriko bizikidetza demokratikoan aurrera egiteko ezinbestekotzat dugu lege esparru hori irekitzea, EAEko erakunde publikoen bidez urraketa larri hori pairatu dugun pertsonontzat aitortza eta erreparaziorako mekanismo integralak eraiki nahi badira», gaineratu zuten.

Ildo horretan, azpimarratu zuten tortura ez dela «datu hotz bat, ezta iraganeko orrialde ilun bat soilik ere. Tortura zauria da, gehiegitan ikusezina, oraindik ere milaka pertsonengan bizirik dirauena. Eta guk txosten baten zifrak bakarrik izateari uko egiten diogu, gure herriko istorio bizia garelako».

«Ekainaren 26ak gure gizartean oraindik ere presente dagoen mina eta justizia eskea gogora ekartzen dizkigu. Horregatik, Eusko Legebiltzarrari konpromiso irmoak hartzera dei egiten diogu. Egia, justizia eta erreparazioaren bidean benetako aurrerapausoak emateko. Torturatuen mina isilean daramagun pertsonoi bizkar ez emateko», adierazi zuten.

ESKAERA BATERATUA

Amaitzeko, eskaera bateratua egin zieten Gasteiz eta Iruñeko legebiltzarrei: «Torturak Euskal Herrian duen tamaina, dentsitatea eta intentsitatea oraindik ez dira bere osotasunean. Haren ondorio politiko, sozial, kultural, gizatiar eta generozkoak ezagutarazi behar dira. Eta ekainaren 26a Eusko Legebiltzarra eta Nafarroako Parlamentua konpromiso horretan berresteko eguna bilaka litekeela irizten diogu».

Hala, «Euskal Herrian tortura politikoaren aplikazioa berriro ez errepikatzeko bermeak eraikitzen hastea» da helburua, eta data hori «Euskal Herriko torturatuak babesteko eguna izatea».

«ERREALITATE LAZGARRIA»

Agerraldiaren hasieran ohartarazi zuten tortura «ezkutatu ezin den errealitate lazgarria» dela Euskal Herrian. «Frankismoaren garai ilunetik hasita, eta kasik gaurdaino, milaka euskal herritarroi tortura sistematikoki jasanarazi eta aplikatu digute hainbat polizia gorputzek, euskal gatazkaren testuinguruan». Aipatutako Kriminologia Euskal Institutuak egindako lanak agertzen duenez, 5.000 kasutik gora izan dira Euskal Herrian; 4.000, EAEn eta 1.000tik gora, Nafarroan.