Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Egunsentia

T urtle Islandeko herri indigenetako zenbait kidek Alcatraz uhartea okupatu zuten 19 hilabetez 1969ko azaroaren 20an. Bertan zirela esker emate zeremonia bat antolatu zuten genozidioaren eta lurgabetzearen aurrean beren erresistentzia ospatzeko. Hori izan zen mundu osora zabaldu zen herri indigenen eskubideen aldeko mugimenduaren hasiera.

XX. mendearen erdialdera arte jardun zuen presondegiagatik da askorentzat ezagun Alcatraz baina, berez, ohlone herriaren lurraldea da, kolonoen gobernu federalak ohlone herriaren existentzia ukatzen badu ere. Kolonoek haren jabe egin zirenean herri indigenetako kideak atxilotzeko erabili zuten uhartea, presondegia eraiki baino lehen. 1865ean hopi herriko hemeretzi gizon preso izan zituzten bertan, beren haurrak kolonoek ezarritako barnetegietara bidaltzeari uko egiteagatik.

1969tik urtero biltzen dira Turtle Islandeko herri indigenetako kideak Alcatrazen, lurraldearekiko lotura eta atxikimendua berresteko egunsentiaren zeremonia baten bidez. Bitan egiten dute: kolonoek Esker Emate Eguna izendaturiko dataren inguruan eta Herri Indigenen Nazioarteko Egunean. Bost mila lagunek parte hartu dute aste honetan munduko herri indigenen erresistentzia ospatzeko izan den ekitaldian; haien artean, Turtle Islandeko herri indigenen gonbidapenari erantzunez, hainbat palestinar aktibista izan dira.