GARA
BILBO

Euskal ekonomia «sendoa» den arren, arriskuez ohartarazi du Laboral Kutxak

Ekonomiaren magnitude nagusiak ikusita, eta inflazioaren portaera alde batera utzita, Hego Euskal Herriko datuak positiboak direla nabarmendu du Laboral Kutxaren azken txostenak. Hala izanda ere, munduko ekonomiaren egoera gero eta konplexuagoa eta zalantzagarriagoa dela ohartarazi du.

Ibon Urgoiti Laboral Kutxako negozio garapeneko zuzendaria eta Joseba Madariaga ikerketa zuzendaria.
Ibon Urgoiti Laboral Kutxako negozio garapeneko zuzendaria eta Joseba Madariaga ikerketa zuzendaria. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Laboral Kutxaren ikerketa zerbitzuak 2024ko “Euskal Ekonomia” txostena aurkeztu zuen atzo bere Bilboko egoitzan. Dokumentuak, 2024ko egoera globalean ekonomia nagusien portaeran egon den desoreka nabarmendu du. «Gainera, tentsio geopolitikoek gora egin dute, eta ziurgabetasun politikoa sekulakoa izan da, 2024aren amaieran Estatu Batuetan egin diren hauteskundeen aurrean», dio.

Hain zuzen ere, AEBren kasuan, haren ekonomiaren indarra azpimarratu du: barne produktu gordinak %2,8ko hazi da eta lan merkatua sendo egon da. Horren ondorioz, eta prezioen %3ko hazkunde tasa kontuan hartuta, AEBko Erreserba Federalak (Fed) atzeratu egin ditu tasen jaitsierak.

Eurogunean, aldiz, ahultasuna «egiturazkoa» bihurtzen ari dela ohar egiten du txostenak: «BPGaren %0,8ko hazkunde txikia, energia kostu handiek industria sektorean eragindako krisialdiaren ondoriozkoa, eta Txinaren eta beste eragile batzuen lehia direla-eta, inflazioak %2rantz egin du eta, horren eraginez, EBZ [Europako Banku Zentrala] interes tasak jaisten hasi da ekitaldiaren erdialdean».

Hego Euskal Herrian, aldiz, ekonomiaren dinamismoa «askoz handiagoa» dela dio Laboral Kutxaren txostenak. Izan ere, 2024an, Euskal Autonomia Erkidegoko barne produktu gordinak %2,2 egin zuen gora. Nafarroan ere antzeko portaera izan zuen, %2,7 hazi baitzen. Espainiar Estatuan, berriz, nabarmen handiagoa izan zen barne produktu gordinaren hazkundea: %3,2koa, hain zuzen.

Lan merkatuko magnitude nagusiek 2024an izandako bilakaera bat dator BPGaren datuekin; Nafarroan enpleguaren hazkunde tasa %4,6koa eta %2,2koa izan da eta EAEn, berriz, %0,8 txikitu da. Langabezia tasa %8,1ekoa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2023koa baino 4 hamarren handiagoa, eta Nafarroan %7,6koa, 2,3 puntu txikitu ostean.

Prezioetan, urteko batez besteko hazkunde tasa %3,6koa izan da abenduan EAEn eta %2,7koa, Nafarroan. Inflazioa EBZren helburuaren gainetik egon arren, behera egin du, %2ranzko bidean.

«Laburbilduz, magnitude nagusiak ikusita, eta inflazioaren portaera alde batera utzita, datuak, oro har, positiboak direla esan daiteke», nabarmentzen du Laboral Kutxaren txostenak.

AURREIKUSPENAK

Hala ere, 2024aren amaieran Donald Trumpek AEBko hauteskundeak irabazi izanak baldintzatu egin dezake etorkizuneko bilakaera ekonomikoa; «hainbeste, ezen AEBko administrazioaren begirada protekzionistak munduko joko ekono- mikoaren arauak aldatzea ekar baitezake».

«Muga zergez gain, AEBko agintariaren negoziazio modu berezia aintzat hartzen badugu, haren atzera-aurrerekin, zalantzaz jositako agertokia dugu, argi eta garbi. 2025eko bigarren erdian sartu ahala, munduko ekonomiaren egoera gero eta konplexuagoa eta zalantzagarriagoa da, dezelerazio ziklikoaren, tentsio komertzial berrituen eta ezkutuko arrisku geopolitikoen ondorioz», dio txostenak.

Hala eta guztiz ere, Laboral Kutxaren aurreikuspenen abiapuntuan Hego Euskal Herrian «ekonomia sendo» bat dagoela jasotzen du txostenak eta %2ko hazkunde tasa espero du datorren urterako lau herrialdeetan. 2026rako, aldiz, dezelerazioa aurreikusten du, %1,8rainokoa Nafarroan eta %1,7rainokoa EAEn.

Enpleguari begiratuta, %1,4 (Nafarroan) eta %1,5eko (EAEn) haziko dela aurreikusten du kooperatibak 2025erako; 2026rako Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %1,3ra jaitsiko litzateke, eta portzentaje berean mantendu Nafarroan.

«Zenbait aldagai makroekonomikok egun erakusten duten erresilientzia gorabehera, munduko ekonomiaren egoera ahul samarra da. Merkataritza tentsioek, nazioarteko zatiketa politikoak eta abian dauden arrisku geopolitikoek zuhurtzia handiz jokatzera behartzen dute, ekonomia eta enpresa politikako erabakietan», ohartarazi du.

Nolanahi ere, «Nafarroak eta Euskadik hazkunde posizio positiboetatik eta lan merkatu sendo samarretatik egiten diete aurre erronka horiei, baina kutsatzeko arriskua dago oraindik ere, hurrengo hiruhilekoetan nazioarteko ingurunea gehiago korapilatzen bada», laburbildu zuten Laboral Kutxako arduradunek.