Ritxi AIZPURU
Musika pentsalaria

Musikaren fonofobiak

Soinuaren gaineko herrak: Fonofobia, soinu indartsuekiko beldur irrazionala. Hiperakusia, misofonia… «Eskertu nahi dizuet isiltasuna; kontzentrazioa errazten dit». Halako batean, kantua hasi bezain azkar bi euroko txanpona erori da egurrezko lurrera eta kolpearen harrabotsak Gartxoten begirada desbideratu du txanponaren burrunbaren sorlekura; keinu egin du, ez du kontzentrazioa galdu eta kantuan jarraitu du. Dabadabako kontzertuaren egun bereko goizean egin dugu topo Donostiako kaian, Tornozulon. Jendeak ozen hitz egiten omen du, baita musika ekitaldi lasaietan ere (baina ez artista ospetsuenekin). Horrek guztiak sutan paratzen du Gartxot. Kontzertuan era diplomatikoan eskertu du isiltasuna. Olatz Salvadorren kontzertu batean, ordea, nazkatu zen Gartxot eta publikotik isiltzeko esan zion deiadar batean zebilenari. Sonakai taldeko abeslaria gerturatu zitzaion eta ez esateko inoiz gehiago horrelakorik berriro berari, bestela muturrekoa jaso zuela. Horrelakoxe publikoa daukagu.

Gune zaratatsuetan burrunba handiagoa sortzeko baldintzak izan ohi dira; elkarrizketen bolumenak ez du gaindituko musikarena eta musikaria ez da deskontzentratuko. Musika barean, aldiz, edozein dela zaratatxoa trumoien pare geratuko da. Musikariak dagoenekoa modurik adeitsuenean kudeatzea dauka, zalapartari bideak eraiki gabe.