GARA
IRUÑEA

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Nafarroa Arenan jokatuko da

Auritzen hasiko da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa urriaren 4an, eta azaroaren 29ra artekoa izango da. Amaiera Nafarroa Arenan izango du lehendabiziko aldiz. «Nafarroan bertsolaritza izaten ari den gorakadari esker, urrats kuantitatibo eta kualitatiboa emateko apustua egin dugu», adierazi dute arduradunek. 24 bertsolariren parte hartzea iragarri dute.

2015eko txapelketako irudia, Joseba Beltza eta Saioa Alkaiza kantuan.
2015eko txapelketako irudia, Joseba Beltza eta Saioa Alkaiza kantuan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Udazkenarekin iritsiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Auritzen emango zaio hasiera. Urriaren 4an abiatu eta azaroaren 29an amaituko da norgehiagoka. 30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin sailkapen saioak igarota, 24 geratuko dira Auritzen hasiko den ibilbideari ekiteko.

48. edizioa izango du Nafarroako Bertsolari Txapelketak. «Kulturari, bereziki euskaraz egiten denari, eta euskarari ekarpen mamitsua egiten dio txapelketak: euskal kulturaz gozatzeko topaleku bihurtzen da. 2025ean ere horrela izatea espero dugu», esan dute.

Lehen fasean lau saio izango dira: Auritzen (urriaren 4an), Mutiloan (urriaren 11n), Iruritan (urriaren 18an) eta Los Arcosen (urriaren 26an). Azken herri horretan lehen aldiz izango da txapelketa saioa.

Saio horietan kantatzen dutenetatik 18 bertsolari sailkatuko dira finalaurrekoetarako. Fase horretan hiru saio izango dira; Agoitzen (azaroaren 1ean), Leitzan (8an) eta Tafallan (16an), eta horietatik zortzi bertsolari sailkatuko dira finalerako.

LURRALDE OSORA

Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, beste horrenbeste udalerritan. «Izan ere, Nafarroako Bertsozale Elkarteak bere egitasmoa eta bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzeko apustuan urrats berri bat egingo du aurtengo txapelketarekin», iragarri zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak atzo.

Finala, azaroaren 29an izango da, Nafarroa Arenan estreinakoz. «Nafarroan bertsolaritza izaten ari den gorakadari esker, urrats kuantitatibo eta kualitatiboa emateko apustua egin dugu. Gainera, urtez urte txapelketak kalitate hobea eskaintzen du eta geroz eta ikusle gehiago hurbiltzen da. Horregatik egingo dugu urrats kualitatibo eta kuantitatibo hau», adierazi zuten antolatzaileek.

ZORTZIREN ARTETIK BI ONENAK

Zortzi bertsolarien artean puntuazio altuena lortzen duten biek buruz burukoa jokatuko dute. Hor erabakiko da 2025eko txapelduna. Eta bide hori egiteko prest agertu diren eta sailkatu diren bertsolarien artean askotariko ordezkaritza osatzen dute. Kattin Madariagak lehen aldiz parte hartuko du txapelketan, baina berarekin jardungo dira urte luzez txapelketan aritutakoak ere. Aurten, gainera, hiru txapeldun ariko dira: Julen Zelaieta, Julio Soto eta Saioa Alkaiza. Bi hilabete irauten du txapelketak, baina urte osoko lanaren isla da zortzi saioen antolakuntza eta emaitza. «Fruituak ere ematen ditu, saioro ekarpena egiten baitzaio euskal kulturgintzari. Txapelketa, beraz, transmisiorako giltzarri da; baina ez da elkarteak duen giltza bakarra, urte osoan hezkuntza arloan egiten den lana ere ezinbestekoa da, esaterako», azaldu zuten.

«Udazkena mugitua dator, baina zuhaitzetatik erortzen diren hosto idorrez gain, bertsolaritzak loreak ere ekarriko dizkigu urte amaiera aldean. Lehendabizi Bizkaiak ekingo dio txapelketari, eta atzetik etorriko gara gu, urriaren 4an, Nafarroa bertsolaritzaz loratzeko asmoz!»; horra bertsozaleentzako gonbidapena.