Iñaki SOTO
JOXE AZURMENDIREN HERIOTZA

Filosofoaren Ereserkia eta txikikerietan adituak

Pello Zabala zenak kontatua da, Arantzazun zeudela, Joxe Azurmendik gitarra hartu eta “Quizás, Quizás, Quizás" abestia jotzeko ohitura zuela, Filosofoen Ereserkia izenburutzat jarrita. Osvaldo Farresek idatzitako kantuaren letra irakurrita, erraz ulertzen da txantxa. Argazki bat ere badabil hor nonbait, Azurmendi gazte-gazte bat gitarra eskuetan duela azaltzen dena.

(Jon URBE | FOKU)

Maitasun hezur-haragizkoa, zalantza, galdera handiak… denetik du abestiak monasterio batean hit izateko. Fraide gazteak gaiztakeria txiki horrekin barre egiten imajina ditzakegu. Txikikeria bat den pasarte honek erakusten du, ordea, Joxe Azurmendiren eta bere belaunaldikoen artean eman ziren beste zenbait joera.

Belaunaldi horretan galdera handiei erantzuteko gogo bat dago: noiz, nola, non… azken batean, zergatik. Absolutuen garaian eta testuinguruan bizi dira, bai politikoki -diktadura latzean-, baita erlijioaren ikuspuntutik ere -beste ezeren gainetik, Arantzazu monasterioa da-. Belaunaldi horretan egia absolutuekiko mesfidantza bat ere ageri da, hain zuzen ere, garaiaren arabera indartsuagoa edo leunagoa izango den susmo bat.

Tragediari umorez erantzuteko joera ere hor dago. Iluntasuna argiarekin konbatitzen da. Baita debekatuari ate bat irekitzeko asmo bat ere, agian. Ezin pentsa eta ezin maitatu daitekeen unean eta tokian, abesti horrek eta bere esanahi bikoitzek askatasun printza bat ematen diete sotanaren azpian gorputzak eta garunak borborka dituzten gazte ero eta ez hain ero horiei.

GUZTIA, KRISIAN

Jakina, pasarteok ez dute “Manifestu atzeratua” edo “Demokratak eta biolentoak” idazlanen sakontasun eta indarra. Baina garai bateko pentsaera biltzeko kapaz dira, agian. Pellori esker oroitu zen Joxe Filosofoen Ereserkiaz.

Beste pasarte bat kontatu zigun orduan Joxek, garai eta izaera berekoa. Arantzazun zeudela, dena zegoen beraientzat krisian: politika, erlijioa, hizkuntza, kultura, sexua… Kintakoak zituzten gazte batzuk komandoetan antolatu eta iraultza egiten saiatzen ari zirela iristen zitzaien; musikaren eta bestelako kultur adierazpen berrien oihartzunak heltzen zitzaizkien; kanpoko mundu hartan emakumeak existitzen ziren, bekatuen iturri... Alegia, ezkutuan bada ere, fraide euskaldun gazte haiek Filosofoen Ereserkiko galdera guztiak eta beste hamaika zituzten eguneroko bazka. Bitartean, haien ondoan, beste kezka batzuk zituzten zenbait fraide zeuden. Aurrenekoek iraultzaz, jainkoaren heriotzaz eta emakumeez eztabaidatzen zuten bitartean, bigarrenen kezka zen, komunioa egiterakoan, ostia ahosabaiaren goialdean jarriz gero, Kristoren gorputza miazkatzen eta, ondorioz, bekatua egiten ari ote ziren.

Joxek eta lagunek izena jarri zieten kezka ttikiok zituztenei: «Expertos en pequeñeces» (jatorrizko gazteleran). Behin baino gehiagotan entzun nuen Joxe «aditu» hauen kontra egiten. Dena krisian dagoenean, iraultza baten erdian edo gutxienez esperoan gaudenean, gauzak benetan aldatu nahi ditugunean, beti dagoelako txikikeriez arduratu nahi duen norbait, fokua guztiz distortsionatuko duen burokrata bat, galdera okerrak egiten tematuko den inor.

Horien aurrean pentsamendu egituratu, hedagarri, eguneratu eta erradikal bat garatzea garrantzitsua da. Krisiak gauza serioak direlako, baita iraultzak ere. Gurea bezalako nazio zigortu eta kultura txiki batetik munduari begiratzea ez da lan erraza. Horrexegatik ikasi behar da ondo pentsatzen, eta pentsatu dena ondo azaltzen.

Beste gauza askoren artean, galdera zuzenak, handiak eta pertinenteak egiten erakutsi digu Joxek. Eta beti zalantza egiten, badaezpada.

“Quizás, Quizás, Quizás”

Siempre que te pregunto

Que cuándo, cómo y dónde

Tú siempre me respondes

Quizás, quizás, quizás

Y así pasan los días

Y yo desesperando

Y tú, tú contestando

Quizás, quizás, quizás

Estás perdiendo el tiempo

Pensando, pensando

Por lo que más tú quieras

Hasta cuándo, hasta cuándo