GARA
LESAKA

Lesakarrek ere prest daukate sanferminetako zapi gorria

Iruñean bezala, Lesakan ere Fermin donearen jaietako txupinazoa botako dute igandean, baina gaur bertan hasita, musika saiorik ez da faltako. Egitaraua ostegunera arte luzatuko da eta, urtero bezala, Udalak dei egin die herritarrei eta bisitariei festak arduraz, errespetuz eta alaitasunez bizitzeko.

Fermin donearen egun handia astelehenean izango da.
Fermin donearen egun handia astelehenean izango da. (J. M. | FOKU)

Aurtengo sanferminak igande eguerdian botako den etxafuegoarekin hasiko badira ere, gaur eta bihar gauean kontzertuak izango dituzte Lesakan: La Txama eta DJ Infernu igoko dira eszenatokira gaur, eta Muxutruk eta DJ Endara izango dira biharko gauaren protagonistak. Eta bihar, arratsaldeko 16.30ean, Benito Taintaren Omenezko II. pilota txapelketako finalak ere jokatuko dira.

Hasiera ofiziala igande eguerdian izango da. Aurten, Lesakako Gurekin Zerbitzuen Elkarteko kideek piztuko dute etxafuegoa, «denda, taberna eta bertze negozio ttiki horiek direlako Lesaka handi egiten dutenak, herritarrei beharrezko zerbitzuak emanez eta, aldi berean, gure kaleei bizia emanez», adierazi du Udalak.

Etxafuegoak eztanda egitearekin batera, festa lehertuko da Lesakan, eta 12.15ean haur ttikien danborrada abiatuko da, Elutxa txarangak lagunduta. Arratsaldean, Tantirumairu taldearen dantza erakustaldia izango da, eta 20.00etan danborrada nagusia eta erraldoi eta buruhandien konpartsa abiatuko dira Lesakako bandak lagunduta. Eguna amaitzeko, Akerbeltz taldearen txanda izango da.

EGUN HANDIA, ASTELEHENEAN

Fermin donearen egun handia, aurten, astelehenean izango bada ere, egun horretako ospakizun guztiak mantenduko dira. Horrela, ezpata-dantzariak lanean hasiko dira goizean goizetik, eta eguerdian, meza bukatu ondoren, Zubigaineko Dantza ospetsua eskainiko dute, XV. mendean Lesakako auzoek sinaturiko bake-itunaren oroigarri gisa.

Arratsaldean beste dantza saioa egingo dute bezperen ondotik, eta 19.00etan Arrano elkarteak antolatutako bertso saioa izango da: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Josu Sanjurjo eta Julen Zelaieta arituko dira. Larrain dantzaren eta zezensuzkoaren ondoren, Mogumbo Brass Band taldearen emanaldiarekin amaituko da eguneko egitaraua.

Asteartean (uztailak 8) Peñen eguna ospatuko dute, gosari, danborrada, betizu, peñen jaitsiera eta elektrotxarangaren emanaldiarekin. Eta asteazkenean (uztailak 9) haurren eguna izango da; egitarauan hainbat ekitaldi daude iragarrita, hala nola haur eta gurasoen danborrada, betizuak, gazte-bazkaria, haur ikuskizunak, pilota partiduak, larrain dantza, zezensuzkoa, Elutxa txarangaren kalejira eta Zurrunbilo taldearen emanaldia. Egun horretan, bestalde, Lesakako Sare Feministak antolatutako Señora Bazkaria egingo dute Azkaineko emakumeekin ahizpatuta, Kasino jatetxean.

Osteguna (uztailak 10) herritarren eguna izango da eta ez dira faltako Bankako Menditarren emanaldia, betizuak, herri-poteoa Elutxa txarangarekin lagundura, herri bazkaria eta ondoren Beñat Mitxelenaren musika emanaldia, Oilar Beltzak taldearen kontzertua eta, aurtengo sanferminei amaiera emateko, jai-hilak Elutxa txarangarekin.

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Udalak dei berezia egin die herritarrei eta bisitariei festak arduraz, errespetuz eta alaitasunez bizitzeko. Horrela, herriguneko lorategi eta berdeguneetan akanpatzea debekatuta egongo dela gogorarazi dute.

Era berean, kanpotik datozenei garraio publikoa erabiltzeko deia egin diete, eta asteburuan ohiko autobus zerbitzuak indartuko dituztela gogorarazi dute, Burundesa eta Baztanesa enpresekin elkarlanean.

Puntu Morearen hiru zerbitzu eskainiko dira, Emagin elkarteko bi kide profesionalen eskutik. «Bestak askatasunean gozatzeko eskubidea bermatzen duten bestaguneak eraikitzea denon ardura da, edozein diskriminazio eta indarkeria matxistaren aurrean modu aktiboan jardunez. Ezerk ez du justifikatzen jarrera matxista edo sexu eraso bat», dio Udalak.