«Noir»-aren ezaugarriak «hankaz gora» jarri ditu Iñaki Dorronsorok bere lehen liburuan
“Azpijokoa Azpiazun” da Iñaki Dorronsoro idazlearen lan berria, bere lehenengo liburua, ipuinak argitaratu ondoren. Eleberri beltza da, baina umorez zipriztindua. Aurreratu duenez, jarraipena izango du Miren eta Alfontsoren istorioak, bigarren eta, akaso, hirugarren nobela batean.

Iñaki Dorronsoro Maioz idazleak bere lehenengo eleberria argitaratu du Erein argitaletxearekin: “Azpijokoa Azpiazun”. Hizkera jostagarria eta parodia erabiliz, ohiko detektibeen istorioen moldeak «hankaz gora» jarri ditu, Inazio Mujika editorearen hitzetan.
Atzo, Donostiako Liburu Azokaren lehenengo egunean, aurkeztu zuten lan berri hau Dorronsorok eta Mujikak. Editoreak azaldu zuenez, Uzta Gorria sail beltzaren 37. zenbakia bilakatu da orain arte ipuinak idazten aritu den Iñaki Dorronsororen kontakizun hau.
Miren kazetaria eta Alfontso detektibe klasikoa dira protagonistak. Kazetaria da «motorra» idazlearen hitzetan, eta jarrera oldarkorra dauka, baina hizkera jolastia. Kazetari sena gailentzen bazaio ere, bera da Alfontsorengana jotzen duena, lagun baten hilketa aztertzeko, gerora zabalagoa bihurtzen den kasua.
Parodia eta umorea nagusi dira, baina gizarte kritika zorrotza egiten da nobelan, «lapurretei, ustelkeriari eta etxegabetzeei bizkarra ematen dioten hiri ilun eta gris batean», Dorronsorok esan duenez. Gentrifikazioaz, prentsaren paperaz eta botere ekonomikoaren itzalaz hausnartzen da, besteak beste.
Bi protagonisten arteko harremanari eta amaiera irekiari esker, idazleak ikusi zuen liburu honek bigarren atal bat izan zezakeela. Mujikak esan zuenez, «lehen liburua promesaz betea dago» eta «bigarrenerako bidea librea du».
ELKARRIZKETEN IKASGAIA «GAINDITUTA»
Estiloari dagokionez, Inazio Mujikak elkarrizketak nabarmendu zituen. Esan zuenez, lehenengo liburuetan hauek ondo egitea «ikasgai pendientea» izan ohi da, baina Dorronsorok «gainditu du», «sinesgarriak» direlako, eta «irribarrez irakurtzen den» liburu baten parte dira.
Bergarako idazle eskolan hasi zen proiektu hau. Gero, lagun batekin literatura euskalduneko erreferenteez taberna batean hizketan, liburua idaztea erabaki zuen. «Idatzi nuen eta gustura geratu nintzen», azaldu zuen atzo autoreak, eta «ordutik hazten joan da». Uxue Razquinek egin zuen lehendabiziko edizio lana, eta hainbat begik eta eskuk eman dizkiote «orrazkerak».
Titulua azken zertzelada izan zen prozesu honetan, «txistezkoa» ere bai, aitortu zuen Iñaki Dorronsorok. Bukaeran bururatu zitzaion hitz-jokoa egin zezakeela, gustuko ditu eta. Gainera, liburuaren azalarekin eta itxurarekin «maiteminduta» dagoela esan du, Kristina Fernandezek egindako diseinu-lanari esker.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
