Emakume bat eta bere bost seme-alabak etxegabetu dituzte San Frantzisko auzoan
Bilboko San Frantzisko auzoan bizi zen emakume bat eta haren bost seme-alabak etxegabetu ez zitzaten dozenaka auzokide batu ziren atzo, AZET etxebizitza sindikatuak deituta. Ertzaintzak kalea moztu zuen goiz-goizetik eta elkarretaratutako jendearen aurka oldartu zen. Etxegabetzea burutu zuten, familiari alternatibarik eskaini gabe.

AZET etxebizitza sindikatuak deituta, Tamara izeneko emakume baten eta bere bost seme-alaben etxegabetzea geldiarazten saiatu ziren atzo dozenaka lagun Bilboko San Frantzisko auzoan. Ertzaintzak gau osoan etxeko ingurua miatzeaz gain, 8.00etan ataria eta inguruak hartu zituen, jendea hurbildu ez zedin. Hori ez ezik, lehen unetik, elkarretaratutakoen aurka oldartu zen. Auzokideek etxe barruan zein kalean aurka egin arren, etxegabetzea burutu egin zen. Azken bi astean Bilbon izan den bigarren etxegabetzea da.
Nahiz eta euria egin, kalearen alde banatan bildu ziren goizean auzokideak, eta zarata egiten eta «kaleratzearen aurrean, klase elkartasuna» eta «etxegabetzeak gelditu» oihukatzen jardun ziren. «Poliziaren presentzia neurriz kanpokoa izaten ari da. Goiza luze joango da, baina hemen mantenduko gara gure kidearen etxea defendatzen», adierazi zuen AZET sindikatuak.
9.15erako ailegatu ziren ordezkaritza judiziala eta sarrailagilea San Frantzisko kalera. AZET sindikatuko kideek salatu zutenez, epaitegiko ordezkaritzak uko egin zion negoziatzeari. Beren hitzetan, «etxegabetzea burutzeko agindua dago; hau ez dago gure esku», argudiatu zieten. Etxebizitza sindikatuak jakinarazi zuenez, Foru Aldundiak agindu zuen etxea hustea.
Etxegabetzea eragozteko, kalean ez ezik, auzokideen erresistentzia etxe barruan ere egon bazegoen. Hain zuzen, etxebizitza sindikatuko bi kide etxeko balkoian kateatu ziren. Kostata, baina suhiltzaileen laguntzarekin eta tresneriarekin sindikatuko kideak askatu zituzten eta etxegabetzea gauzatu zuten.
Azken unera arte tinko mantendu ziren auzokideak etxeko atarian baina, 11.00ak aldera, kateatutako kideak eta Tamara malko artean atera ziren etxetik; txalo zaparrada hunkigarri batekin hartu zituzten manifestariek, «Tamara, auzoa zurekin» oihu artean.
Sindikatuak salatu zuenez, erakundeek ez diote familiari etxebizitza alternatiba duinik bermatzen; «ostatu tenporala eta gosari-txartela besterik ez diote eskaintzen», zehaztu zuten.
«Etsaia ez baita alokairua ordaindu ezin duena, beronekin negozioa egiten duena baizik», aldarrikatu zuen etxebizitza sindikatuak.
BI ASTEAN, BI ETXEGABETZE
Joan den astean, Bilboko Alde Zaharrean Rosario, Miguel eta haien adin txikiko lau seme-alabak utzi zituzten kalean. Atzo beste etxegabetze bat gertatu zen; hain zuzen, azken bi astean izan den bigarrena. AZET etxebizitza sindikatuko kideek erakundeei «alternatiba duin» bat eskaintzeko exijitu die, kasu honetan, adibidez, «familiak irizpide guztiak betetzen dituelako».

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
