«Guretzat hip-hopa da gure historia kontatzeko erreminta egokiena»
«Gaeilgez egindako hitz bakoitza bala bat da Irlandako askatasunaren alde». «Kneecap» filmean behin baino gehiagotan errepikatzen den esaldi horrekin, Kneecap taldeak argi eta garbi lagatzen du bere jarrera Irlandako egoera linguistiko eta politikoaren inguruan. Azken orduan batu dira Bilboko BBK Live jaialdira; ostiralean izango da oholtzan ikusteko aukera.

Azken bi urteetan Kneecap musika talde batetik haragoko zerbait bihurtu da, bai Irlandan, baita mundu osoan ere. Gaelikoa balio gutxi duen antzinako kontutzat hartzen den testuinguruan, Kneecapek ez dio soilik garrantzia historikoa aitortzen, baizik eta gaur egungo gizartean txertatzen du. Hizkuntza giro gazte eta urbanoan aurkezten dute, eta hizkuntza hori arma eta babesleku ere bada.
Mo Chara (Liam Og O Hannaidh), Moglai Bap (Naoise O Caireallain), eta DJ Provai (JJ O Dochartaigh) dira musika hirukoteko partaideak. Taldeak Belfast mendebaldean dagoen gaeliko arnasgunean hasi zuen ibilbidea. 1971n gaelikoa galduta zegoen hirian, eta zenbait militantek erabaki zuten eskola txiki bat sortzea, eta horrek ekarri duen arnasgunetik datoz Naoise eta Liam gazteak. J.J., berriz, Derrykoa da.
Kneecap talde berezia da hainbat ikuspuntutatik; besteren artean, euren musika estiloagatik. Irlanda ez da ezaguna hip-hop taldeengatik, ez eta gaelikoz abesten dutenengatik ere. Nahiz eta taldeko partaide guztiek baduten Irlandako musika tradizionalarekiko interesik eta jotzen ere aritu diren, musika mota asko interesatzen zaizkie, hip-hopa tartean. «Guretzat hip-hopa da gure historia kontatzeko erreminta egokiena, eta hori da guk nahi genuena. Musika tradizionaletik gatoz hirurok, baina gaur egungo errealitatea irudikatzeko hip-hopa egokiagoa zen musika tradizionala baino».
Hirukote honentzat ez dauka zentzurik gaelikoz abestea zergatik aukeratu zuten galdetzeak, naturaltasunez erabiltzen duten hizkuntza da eta. «Gure gazte garaian irratian ez zen entzuten gaelikoa, ezta zinemetan-eta ere, eta horri buelta ematea nahi genuen. Gaelikoa ikusaraztea, modernizatzea nahi genuen». Irlandako gaelikoa berpizteko asmoz sortutako musika talde bat baino gehiago izan da beti Kneecap, «hizkuntza gaurko egunerokotasunera egokituz. Hitz berriak asmatuz, eta garai bateko hitzak berreskuratu eta beste zentzu bat emanez».
HIZKUNTZA ETA POLITIKA
Kneecap-ek lau zutabe ditu. Hizkuntza, batetik, nahiz eta ingelesa eta gaelikoa uztartu, estreinako diskotik garbi laga baitzuten euren interesa, eta aldi berean hori izan zen eztabaida baten erdian agertzeko lehen arrazoia, ‘‘C.E.A.R.T.A.’’ (eskubideak) abestiaren hitzak zirela eta. Raidio na Gaeltachten, gaelikoz emititzen duen irratian, «publizitatea egin eta gero, azken unean, baten bat ohartu zen abestian droga eta biraoak aipatzen zirela behin baino gehiagotan. Ordura arte gaelikozko musika atsegina eta kaltegabea zen, eta ez zuten arreta asko jarri. Baina, egia esan, ondo irten zen, publizitate mordoxka lortu genuen eta azkenean emititu egin zen». Behin baino gehiagotan deskribatu izan dira Belfasteko hizkuntza-iraultzaren ondorengo gisa. Iraultza hori 1969an hasi zen, eskola txiki batekin, eta 1991n sortu zen Bigarren Hezkuntzako lehen eskola, eta horrekin gaelikozko arnasgunea: «Garai hartan, gaeliko hiztun guztiok elkar ezagutzen genuen. Orain ez da horrela gertatzen, eta hori gauza ona dela uste dugu».
Bigarren zutabea Irlandako politika dela esan daiteke, eta Kneecapek ez du ezkutatzen bere politika errepublikano ezkertiarrarekiko ikuspuntua: «Bai, egia da, baina guk ere politika egiten dugu, ‘p’ txikiarekin». Errazagoa da politika alde batera lagatzea eta horrela jarraitzaile gehiago izatea. Eta, noski, beren jarrera politikoagatik, beste eztabaida baten erdian bukatu zuten… taldeak ez ditu inoiz ezkutatu bere ideiak: «Guretzat zerbait naturala da, ez erabaki politiko bat. Ez da muturreko erabaki konplikatu bat, sinplea da guretzat: Britainia Handiak ez du asmo onik Irlandarentzat. Ezin dira bereizi politika eta eguneroko bizitza, eta askoz gutxiago Belfasten». Hori dela eta, talka egin zuten DUP alderdi unionistarekin, bideo batean DJ Provai ipurdian “Brits out” lema idatzirik zuela agertu zelako, eta horregatik bere irakasle lanpostua galdu zuen. «Bideoa agertu zen egunean ez genuen pinta bat ere ordaindu, baina ez dut uste areto horretan jotzera berriro gonbidatuko gaituztenik. Hala ere, beti laga dugu argi ez dela Britainia Handiko jendearen kontrakoa, Gobernuaren kontrakoa baizik».
Taldeak zeresana eman zuen berriro, dirulaguntza bat lortu ostean jasotzea galarazi baitzieten: «Aitzakia bezala Britainia Handiaren kontra dagoen talde bati ezin ziotela dirulaguntzarik eman esan zuten. Momentuz, nahiz eta gure gustukoa ez izan, guk britainiar moduan ordaintzen ditugu zergak; hori dela eta, badugu eskubidea dirulaguntzak lortzeko, epaiketan frogatu genuen bezala. Eta lortutako dirua bi talde komunitarioei, bai alde nazionalistakoei, bai unionistei, eman genien».
Droga kontsumoa da taldearen nortasuna ulertzeko beste zutabeetako bat. Aurreko belaunaldiekiko aldaketa nabarmena da hori, Irlandako musika maiz alkoholarekin lotuta agertzen baita, mundu mailan ezagunak diren taberna irlandarren bueltan. «Guk beste errealitate bat plazaratu nahi dugu, drogak gure errealitatearen parte baitira. Gainera, uste dugu ona dela horretaz hitz egitea, ezkutatzeak ez baitu ezertarako balio, horrek gazteak eramaten baititu zer hartzen ari diren ez jakitera, eta hartzen ari diren horren ondorioen berri ere ez dute. Jendeak droga kontsumituko badu, hobe da zer hartzen ari diren eta zelan hartu behar duten jakitea, modu batean oraindik ‘gizarte normal’ batean funtziona dezaten», azaldu dute.
NAZIOARTEKO POLITIKA
Taldeak politika internazionalarekiko ere jarrera argia dauka. Wikipediaren esanetan, «sionismoaren kontra isiltzen ez direnak» dira: «Egokia da deskripzioa, ez dugu uste sionismoaren kontra ez hitz egitea aukera bat denik». Taldekideek ez dute inoiz ezkutatu euren jarrera. 2024ko martxoan SXSW Estatu Batuetako makro-kontzertuan jotzekoak ziren, baina babesleen artean Estatu Batuetako Armada eta defentsako zenbait enpresa zeudela publiko egin ostean, ez parte hartzea erabaki zuten, eta euren atzetik beste 11 talde irlandarrek erabaki bera hartu zuten. «Palestinako herritarrei elkartasuna erakutsi nahi izan genien, enpresa horiek baitira Israelgo Gobernuari armak saltzen ari direnak. Jarrera hori beti eduki dugu garbi», ziurtatu dute.
Aurten, behin baino gehiagotan itzuli da Kneecap albistegietako lerroburuetara. Lehen aldiz, Australian zirela, oholtzara Henry V.aren eskulturari moztutako buruarekin agertu zirenean, edo hala agertu zen behintzat zenbait hedabidetan: «Ezin da albistegiek diotena sinetsi; paperez egindako imitazioa besterik ez zen», esan dute.
AEBko 2025eko birak ere eman zu zeresana. Coachellan, oholtza atzealdean Palestinako gatazkari lotutako hainbat mezu irakur zitezkeen, ‘‘Fuck Israel’’ eta ‘‘Free Palestine’’ tartean. «Gauza bera egin dugu leku guztietan, baina badirudi Estatu Batuetan lobby sionista indartsuagoa dela, eta gure kontrako kanpaina bati ekin zioten», azaldu dute. Hori nahikoa ez eta, Irlandara itzultzean, Britainia Handiko erakunde ofizialak kuxkuxean hasi ziren, Kneecapen kontrako kanpainari jarraipena emanez: «Topatu zuten bakarra izan zen sei hilabete lehenagoko kontzertu batean jende artetik oholtzara botatako Hezbollah-ren bandera bat Mo Chararen eskuetara iritsi zela. Hori dela eta, terrorismoari gorazarre egitea leporatu ziguten, eta horren atzetik etorri zen boikot saiakera. Azkenean, pare bat kontzertu bertan behera gelditu ziren Ingalaterran, bat Glasgown eta hiru bat Alemanian; egia esanda, Alemanian ez gaituzte gustuko. Baina nabarmentzekoa da Mo Chararen kontra egiten duten horiek ez dutela ezer egiten milaka eta milaka palestinarren sarraskiaren arduradunak geldiarazteko».
Mo Chararen defentsa eramateko elkartu den taldea ez da txantxetakoa, besteren artean, Guilfor Four kasuan eta Julian Assangeren defentsan aritutakoa eta Hegoafrikarekin Israelen kontrako genozidio salaketan aritutakoa baita. «Epaiketak ez dauka zentzurik, eta aurrekaria ez sortzeko beharra ikusi dutela uste dugu. Gainera, Britainia Handiko sistema judizialak ez dauka oso historia aipagarria irlandarrak epaitzerakoan».
Ez da batere erraza taldearen agendan lekutxo bat lortzea; hainbat hilabete kosta zaigu elkarrizketa hau antolatzea, eta bukatu bezain pronto ‘‘The Guardian’’ zetorren atzetik. «Azken egun hauetan Danimarkan, Pragan, Bartzelonan... egon gara, gero Londresen epaiketarako, eta horren ostean Glastonbury, Suedia, Frantzia, Grezia, Bilbo… egia esan, uda osoa beteta daukagu».
LERROBURUETAN BERRIRO ERE
Eta, artikulu hau egosten ari zen bitartean, Glastonbury festibalaren harira, lerroburuetan agertu zaigu berriro ere Kneecap: festibaletik ezabatu ditzaten presio egin dute Britainia Handiko lehen ministroak berak eta sionistek. Nahiz eta ez duten hori lortu, Kneecap BBCko zuzenekotik kentzea lortu dute eta, horrek gauzak baretu beharrean are gehiago nahastea ekarri du. Izan ere, publikotik zuzenean emititu zuten Kneecapen emanaldia Tik-Tok bidez. Era berean, Bob Vylan hip-hop bikotearen eskutik Glastonburyn ozen entzun zen ez bakarrik ‘‘Free Palestine’’, baita “Death to the IDF” ere. Hori dela eta, Polizia britainiarrak ikerketa abiatu du.
Taldekideek esaten duten bezala, «edozer gauza ikertzen da hemen; dena, Palestinako genozidioa izan ezik».

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias
