Eneko eta Iker Pou anaiek bide berria sortu dute Peruko Huayhuash-en
Hiru eguneko jardueran, alpinista gasteiztarrek, Jurau A izeneko mendiaren (5.520 m) ekialdeko tontorrean, «Kuntur» bidea sortu dute.

Azken urteotan bezala, Eneko eta Iker Pou anaiak Peruko mendien “erromesaldiarekin” erabat murgilduta daude. Ekainaren amaieran, girora egokitzeko, Nevado Churupen (5.493 m, Mendilerro Zuria) bide berria zabaldu zuten. Ohiko fase hori amaitu bezain laster, esku artean zituzten helburu gogorragoekin saiatzera abiatu dira. Eta lehenbiziko erronkan asmatu egin dute.
Mendilerro Zuritik Huayhuashera egin dute salto, eta ezaguna ez den Jurau A izeneko mendian (5.520 m) bidaiaren bigarren marra zabaldu dute. Ekialdeko tontorrera eramaten duen zirritua sortu dute. Oro har, proposamen luzea atera zaie: 1.575 m. Zailtasun teknikoak, berriz, honakoak izan dira: 6c, 70º eta M5. Pou anaiek ekarpen berriari “Kuntur” deitu diote. Kitxua hizkuntzan “kondor” esan nahi du: «Gure jarduera guztian, lau kondor izan genituen inguruan. Lan handia egin dugu, bide zaila da, garaieraren eragina nabaria zen, une txarrak eta onak igaro ditugu… Baina azpimarra egin nahi diogu kondor horien bisitari, besteak beste, oso berezia izan delako. Egoera hori ez da ohikoa izaten: txundigarria izan da hegazti horiekin egun batzuk partekatzea. Zalantzarik gabe, naturaren adierazpen handia izan da, eta horrelakorik ez dugu bizi Mendilerro Zurian eginiko zazpi denboraldietan».
Hunkituta daude kondorrekin. Baina, berez, mendi horretan eginiko lanak ekarri ditu lerrootara. Hiru egun behar izan dituzte “Kuntur”-eko jarduera biribildu ahal izateko: «Egunaren azken argi-izpiekin gailurrera heldu ginen, 5.000 metrora bibak deseroso bat egin eta gero. Gauez 5.520 metrora ginela, rappel egiten hasi ginen; pare bat ordu izan ziren. 5.250 metrora bibaka antolatu genuen. Atseden hartzea beharrezkoa zen. Egun hori oso luzea izan zen: hamahiru ordukoa. Bezperakoa, berriz, hamabikoa izan zen. Gaua igaro, eta hirugarren egunean, jaitsierarekin jarraitu genuen. Zazpi ordu beranduago, oinarrizko kanpalekura leher eginda heldu ginen».
«ZAMA»
Estilo arinean eginiko eskalada horretan, 30 luze ireki dituzte. Eta horietan guztietan ez dute tresneriarik utzi; hots, erabat garbi geratu da. Bidearen ezaugarriei dagokienez, Poutarrek aurreratu dute La Esfingeko estilo berekoa dela: «Baina mendi horretan dauden bideak baino luzeagoa da, eta garaiera handiagoan kokatuta dago. Luze ia gehienak arrokan egin genituen. Amaieran, aldiz, elurra eta izotza nagusitu ziren. Hortaz, bete-beteko ibilbidea geratu zaigu: arroka, izotza, elurra eta mistoa. Bidearen giltzak ez dira oso gogorrak, baina arriskutsuak dira. Horrekin esan nahi dugu babesteko zailak direla eta balizko eroriko txarrak dituela. “Kuntur” garbi-garbi geratu denez, errepikatu nahi duenak ohiko tresneria eraman beharko du. Logistika ere kontuan hartu behar da».

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
