GARA
DONOSTIA

Donostiako Udalak Villa Salia ireki du, bazterketa egoeran daudenei arreta eskaintzeko

Urte luzetako promesen ostean, Donostiako Udalak martxan jarri du Villa Salia eguneko zentro berria, bazterketa egoeran dauden pertsonei arreta eskaintzeko. Prestazio berriak emango dira.

Villa Salia zerbitzua martxan da jada.
Villa Salia zerbitzua martxan da jada. (DONOSTIAKO UDALA)

Donostiako Udalak martxan jarri du Villa Salia eguneko arreta zentro berria. Baliabide hori uztailaren 1ean hasi zen lanean, eta gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonentzako zerbitzuak hobetzeko udal estrategiaren barnean kokatzen da. Eraikina birgaitzeko esku-hartze integral baten ondoren ireki dela adierazi du Udalak ohar baten bitartez.

Atzoko oharrean azaldu zuenez, honekin batera, eguneko arreta zerbitzuak bazterketa arriskuan dauden pertsonei arreta emateko eredu berri bat du martxan, «berrintegrazio lan pertsonalizatua ahalbidetuko duen ikuspegi erabat integral batetik egiten dela bermatzeko». Udal aurrekontuko 941.002 euro bideratuko dira urtean zerbitzura.

Hemendik aurrera, zerbitzua erabili behar duten pertsonek hitzordua eskatu beharko dute GLUZaren bidez (Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua), eta «bertatik orientatuko dira beren beharretara gehien egokitzen diren baliabideetara».

Hala, Villa Salia eguneko arreta zentro bihurtu da, bazterkeria egoeran dauden pertsonek Gizarte Zerbitzuen Sistemaren prestazioak (informazioa, bitartekaritza, gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea eta esku-hartze psikosoziala eta gizarte laguntza) eta prestazio osagarriak (kontsigna, mantenua, arropa garbitzea eta norberaren garbitasuna) jasotzeko erabiliko duten gune fisiko gisa.

ZERBITZU BERRIAK

Zentroa urteko egun guztietan egongo da irekita (astelehenetik larunbatera 09.30etik 17.00etara / igandean: 12.00etatik 14.30era). Hiru ordu tarte ezarri dira eta horietako bakoitzean 24 pertsona artatuko dira, gehi beste 6, prestazio espezifikoetarako. Gizarte jantokia ere eskainiko da.