GARA
BILBO

Kaledonia Berriaren formula: estatu izaera, independentziarik gabe

Kaledonia Berriaren etorkizunari buruzko akordio historikoa izenpetu zuten atzo independentistek eta loialistek, frantziar Gobernuaren oniritziarekin. «Konfiantzaren erronka» izeneko testuan, formula berritzaile bat bilatu da: Estatu frantsesaren barnean estatu bat sortzea, non kaledoniarrek nazionalitate bikoitza izango duten.

Frantziar Estatuko agintari politiko nagusiak eta kanakak, uztailaren 2an, bileren hastapenean.
Frantziar Estatuko agintari politiko nagusiak eta kanakak, uztailaren 2an, bileren hastapenean. (Ludovic MARIN | AFP)

Paristik 17.000 kilometrora dago itsasoz haraindiko Kaledonia Berria edo Kanaky, eta iaz geroztik astindu duen krisi politiko eta sozial larriari irtenbidea eman diezaiokeen akordio politiko historikoa erdietsi zuten atzo independentistek eta loialistek. Adostutako formularen arabera, Kaledonia Berria ez da independentea izango baina izaera juridiko propioa izango du; hau da, testuaren arabera, «Frantziako Errepublikaren Konstituzioan inskribatuta dagoen eta nazioarteko komunitateak aintzat hartu ahal izango duen estatua».

Ezohiko formula hau indarrean jar dadin Konstituzio frantsesa aldatu behar da, baita eskumenak nori dagozkion zehaztu ere eta, are gehiago, 2026an egingo den erreferendumean oniritzia jaso beharko du. Baita Parisko Asanblea Nazionalarena ere; baina Macronen Gobernuaren babesa duenez, espero daiteke hortik arazorik ez etortzea.

Uztailaren 3az geroztik, negoziazio prozesu trinkoa burutu dute herrialdeko ordezkariek Parisetik gertu dagoen Bougival herrian. Mahaiaren bueltan, Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka (FLKS) osatzen duten alderdietako ordezkari nagusiak -independentziaren aldeko mugimendu politikoa-, eta, bestetik, Sonia Backes, Herritarren Estatu Idazkari ohia, besteak beste, loialisten aldetik.

Christian Tein, FLKSko liderra, askatu dute berriki, eta epailearen kontrolpean dago oraindik. Horrek tentsioa baretzen eta negoziazioek arrakasta izaten lagundu omen du. Behin akordioa baieztatuta, frantziar lehen ministro François Bayrou-k zoriondu egin zuen Itsasoz Haraindiko Lurraldeekiko ministro Manuel Valls, historikotzat jo zuen akordioa lortzeko eginiko lana goraipatuz.

ESKUMENAK, ERROLDA... ASKO LOTZEKE

13 orrialde dituen hitzarmen berritzailea izenpetu zuten frantziar administrazioaren pean dagoen Ozeaniako uhartediko negoziatzaileek. Akordio politiko horren arabera, frantziar ordenamendu juridikoan ezezaguna den formula adostu da, eta helburua: «Irtenbide iraunkor bat» aurkitzea Parisek Ozeano Barean zuen kolonia zahar hori baketzeko, hainbat matxinadaren ostean; azkena duela urtebete jazotakoa, 14 hildako utzi zituena.

Halere, Kaledonia Berriko biztanleek akordioa onartu behar dute, 2026an ziurrenik, eta horren aurretik Parisko Asanblea Nazionalak onetsi beharko du. Itunak Kaledoniako nazionalitatea sortzea onartzen du, Frantziakoarekin batera. Hango herritarrek ezingo dute kaledoniar nazionalitatea soilik izan.

Estatu eskumenak, oraingoz, Parisek mantenduko lituzke, baina eskumen batzuk eskualdatzea aipatu zuten; horien artean, diplomazia, justizia eta moneta. Defentsaren eremua Parisi dagokio, eta Segurtasunarena, berriz, Kaledonia Berriari, baina Hexagonoarekin elkartzeko akordio baten bidez.