Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Kontuak eta kontuak

Ez zait erraza egiten uda hasiera honetako prentsa eskuan hartuta animatzeko modukorik aurkitzea. Aurrera paperak, atzera paperak, ilustratu nahian saiatu baina... zaila egiten zait. Eta euliak bueltan, lotsagabe zirika, biodibertsitate halakoa! Total, Tourreko etapako orrian begirada pausatua egiten dut; ez asko, halere; festazale ez naizenez, arin batean pasatzen ditut jai-orriak; eta Gazakoetara heltzean arin batean pasa ere, baina orain jakin badakidalako eta odolak su gabe dirakielako. Kontuak atera zenbaterainoko amorrua joan zaidan barruko nonbait metatzen, ezen poztu egiten naizen soldaduak hiltzen diren bakoitzean... Halako berotze globalean gaitz egiten zait gogoetak hotz mantentzea. Kawen!

Geografia kontua, seguruenik, baina han tankeen hotsak heriotza sortu eta hemen “BBK Life” soinuak poza. Aitor dut, berriro ere, kosta egiten zait kontrasteak kudeatzea, nik neureak. Eta hango tranbiako bagoiak hemen egin, hemengo BPGaren kontura. Kolpea gero! Izango ote da jantoki-bagoirik ere? Eta lasai hurbilduko dira buffet lekura? Kapaz! Kawen!

Orria pasa dut, tenplatze aldera. Kurdistan lurralde zabaleko nonbait izan da, San Juan gaua euren modura ospatu berri dute, egunez egin ere, baina sua su. Kontuak atera, armak bota dituzte sutara; hori bai su-etena gero! Jo eta su ulertzeko beste modu bat; hemengoa gogoan. Konturatu ei dira «borroka da bide bakarra» esaeraren esangura moldakorra dela, espazioan eta denboran, eta garaia helduta «borroka-bide bakarra da» esatea ez dela gehiago bidea. Helbideek egiten dutela helburua.

Orria pasa eta hara! Koalek bizitzaren %99 egiten omen dute adarretan, baina lurrean dute hiltzeko aukera gehiago. Hortaz, jakin egin behar da adarretan ibiltzen. Eta lurra ukitzea ez da beti arrazoiaren berme, kutsaduragatik...