GARA
GASTEIZ

«Amatasunak zigortuta jarraitzen du zaintza emakumeen esku dagoenean»

Emakundek «Zifrak» txostena onartu du, EAEko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko 2024ko azterlana. Horren bitartez egiaztatu du «amatasunak zigortuta jarraitzen duela, zaintza oraindik ere emakumeen esku dagoenean». Izan ere, emakumeek hartzen dituzte adingabeak zaintzeko eszedentzien %87.

Emakunderen Zuzendaritza Kontseilua Lehendakaritzan bildu zen atzo.
Emakunderen Zuzendaritza Kontseilua Lehendakaritzan bildu zen atzo. (IREKIA)

Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluak EAEko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko 2024ko “Zifrak” txostena onartu zuen atzo, Gasteizen egindako bileran. Eremu sozial, ekonomiko eta politikoan emakumeen eta gizonen egoeraren bilakaera ikusteko aukera ematen du dokumentuak, eta egiaztatzen du genero-estereotipoek eta bokazioen segregazioak baldintzatu egiten dituztela emakumeen eta gizonen hezkuntza- eta lan-ibilbideak, eta «faktore hori dela bizitzako eremu guztietan arrakalen iraunkortasunean eragina duen faktoreetako bat».

Hala adierazi zuen Emakundek ohar batean, eta azpimarratu zuen txostenak egiaztatu duela «amatasunak zigortuta jarraitzen duela, zaintza oraindik ere emakumeen esku dagoenean». Izan ere, «nahiz eta legezko aurrerapenak izan diren berdintasunezko baimenetan, eta zaintzagatiko eszedentziak dituzten gizonen kopuruak gora egin duen arren, emakumeek beren gain hartzen dituzte adingabeak zaintzeko eszedentzien %87 eta senideak zaintzeko eszedentzien %72, eta horrek eragina du haien ibilbide profesionalean eta osasunean».

Ildo horretan, antsietate- eta depresio-sintomen kopurua handiagoa omen da emakumeen artean gizonen artean baino adin-talde guztietan, eta eragin handiagoa du gazteen artean. «Emakumeen osasun mentalean eragin handia dute zainketen gainkargak, zahartzaroko bakardadeak eta egiturazko indarkeriak, besteak beste», ohartarazi zuen.

Enpleguari dagokionez, azken hamarkadetan jarduera- eta okupazio-tasak handituz doazen arren, lan-merkatuak sexuaren arabera segmentatuta jarraitzen du, eta segregazio horizontala dago, emakumeak sektore prekarizatuagoekin lotzen dituena. Izan ere, urteen poderioz aldea murrizten doan arren, gizonen batez besteko soldata emakumeena baino 5.790 euro handiagoa da. «Emakumeek baldintza kaskarragoetan, ezegonkorragoetan eta kontratu-kalitate txikiagoarekin lortzen dute enplegua. Emakumeek lanaldi partzialerako kontratatutako pertsonen %66 ordezkatzen dute, eta emakumeek sinatutako kontratuen %76 aldi baterakoak dira ( %64 gizonen kasuan). Lan-merkatuak bi aldiz zigortzen ditu emakumeak: sarbide gutxiago, partzialtasun handiagoa eta behin-behinekotasun handiagoa. Horrek kate-ondorioak ditu errentan, gizarte-babesean eta pentsioetan», gaineratu zuen Emakundek.

Partaidetza soziopolitikoari dagokionez, Gasteizko Legebiltzarrerako azken hauteskundeen ondoren, emakumeen presentzia zertxobait handitu da, %52ra iritsiz. Bestalde, alkatetza eta zinegotzien ordezkaritza orekatua urrun dago. Alkatetzen %34k emakumeak dituzte buru, eta zinegotzien %46 dira. Are urrunago dago berdintasunezko errepresentazioa enpresa-erakundeetako administrazio kontseiluetan, horietan emakumeak %30 baitira. Finantza-erakundeei dagokienez, lautik batek baino ez du emakume bat lehendakaritzan. «Emakumeen parte-hartzea gehiago kontzentratzen da arlo sozialarekin lotutako erakundeetan eta eremu publikoan; espazio ekonomiko-produktiboek, aldiz, maskulinizatuta jarraitzen dute».

Bestetik, emakumeen aurkako indarkeria matxistak errealitate estruktural eta iraunkorra izaten jarraitzen duela salatu du. Txostenak 6.572 biktimizazio jasotzen ditu urtebetean, aurreko urtean baino %6,9 gehiago, baina Berdintasunerako Legearen azken erreformak baliabideen prestazioa eta biktimen arreta integrala erraztu ditu.