Imanol CARRILLO
PILOTA

Entzun, arren, Peio Etxeberria eta Zabaleta, zuek zaituztegu patroi

4-4ko berdinketaren ostean, 0-9ko partzial batekin hasi zuten urdinek erakustaldia. Peio Etxeberriak iniziatiba hartu zuen aurreko koadroetan eta Jose Javier Zabaletak kolpe handiak eman zituen, huts gehiegi pilatu zituen Mariezkurrenaren aurrean.

Peio Etxeberria eta Zabaleta, podiumeko goiko partean txapelketa irabazi berritan.
Peio Etxeberria eta Zabaleta, podiumeko goiko partean txapelketa irabazi berritan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Entzun, arren, San Fermin. Zu zaitugu patroi. Zuzendu gure oinak entzierro honetan otoi». Atzoz geroztik San Fermin jaiek badituzte beste bi patroi: Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta. Aurrelariak sekulako erakustaldia eman zuen Labriteko finalean, eta atzelariak bikain jarraitu zion ekinean Peña II.a - Mariezkurrena II.a bikotea mendean hartzeko.

Ez du txapelketa erraza izan Aspeko bikoteak. Ziur aski beste finalistek baino gehiago sufritu behar izan dute txapela irabazteko, baina atzoko partida erabakigarrian gehiago jokatu zuten. Jon Ander Peñak helburu garbia zuen: Lau eta Erdiko txapelari binakakoa gehitzea sanferminetako errege izateko. Baina aurrelari tolosarrak gutxi egin ahal izan zuen inoiz baino motibatuago zegoen Peio Etxeberria urakanaren aurrean.

Zenotzekoak ez du hitz txarrik esan, baina enpresak CaixaBank Masterseko B Seriean ipintzeak baliteke pilotariari barnean arantza bat utzi izana. Atzo aurrelari nafarrak aho asko isilarazi zituen, isilarazi behar baziren betiere.

Bere joko bolada bikainari Zabaletaren kolpe itzela gehitzen badiogu, bikote hau geldiezina da. Atzelariak, beste behin, oso ondo erantzun zuen mota honetako partida batean eta oso bikote sendoa osatu zuten biek. Arraroa dirudi finaleko lehen tantoa ikusita. Urdinek ez zuten elkar ulertu eta gorriek eskuratu zuten lehen tantoa.

Lehen tanto horietan lehia oso berdinduta egon zen. 4-4koa izan zen azken berdinketa. Momentu horretan, Aspekoek 0-9ko partziala sinatu eta 4-13raino ihes egin zuten.

TANTO EDERRAK

Peio Etxeberriak geldiezin jarraitu zuen eta Zabaletak, gainera, errebotera bidali zuen pilota 5-15ekoan. Era guztietako tantoak egiten ari zen Zenotzekoa eta gorriak desesperatzen hasiak ziren. Jon Mariezkurrenaren aurpegia ikusi besterik ez zegoen. Etxetik oso gertu ari zen atzelariak ez zuen egun ona izan eta lau huts pilatu zituen.

Hori bai, finaleko tantoa eskaini zien pilotazaleei 6-16koa egiteko. Atzelariak zabalera indartsu bidali zuen pilota, Peio Etxeberriak pasatzen utzi zuen eta Zabaleta justu samar iritsi zen. Aspeko aurrelariak ondoren airez eraman behar izan zuen, baina Mariezkurrenak zabalean amaitu zuen tantoa.

Atzeko aurkariak beste tanto eder bat sinatu zuen, dejadaz, 8-20koa egiteko. Peña II.ak emaitza txukundu nahi izan zuen hiru tantorekin, baina txapelduna nor izango zen argi zegoen eta Peio Etxeberriak ezker gantxo batekin amaitu zuen partida. Gutxiago falta da 2026ko sanferminetarako.



Jaka eta Ugartemendia, San Fermineko B Serieko txapeldunak

Uztailaren 14ko egunak beste final bat jaso zuen San Fermin Txapelketaren barnean. Izan ere, B Serieko txapelketak ere txapelak banatu zituen atzo, eta bertan Jaka-Ugartemendia bikotea atera zen garaile, Agirre-Eskirozi 22-14 irabazita.

Jaialdiko lehen partida jokatu zuten lau pilotari hauek eta final handirako berotzeko bikain baliatu zuten pilotazaleek. Jakak, lau egunean hiru partida jokatuta zetorrenak, protagonismo handia izan zuen (13 tanto egin zituen), eta atzean Ugartemendiak oso ondo eutsi zion. I.C.