Ana MORALES
KOLABORAZIOA

Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horra Gotzon Lobera jaunak “Deia” egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, baina ez da Sherlock Holmes izan behar haren herraren jomuga neu naizela ondorioztatzeko. Gure ama galletaginak eskola ona eman zidanez, ordea, eutsiko diot sofistikazio erretoriko horren parera jaisteko tentazioari.

Lehendabizi, argituko dut nire ekimena izan dela euskaraz Deustuko Irlako “Galletaginen etorbidea”ren ordez “Andre galletaginen etorbidea” jartzea, eta “Zamaketarien kalea” izenaren ordez, “Andre zamaketarien kalea” jartzea (gaztelaniaz: “Avenida de las galleteras” eta “Calle de las cargueras”). Urte eta erdiko borrokan ibili naiz horretarako.

Dio G.L. jaunak «aldameneko hizkuntza batean dauden arazoak» ekarri nahi ditudala euskarara, eta «euskarak hizkuntza gisa ez duela generorik». Gogora ekarri dit Irango presidente ohi Ahmadinejad jaunari LGBT jendearen eskubideak aipatu, eta berak Iranen halako jenderik ez dagoela erantzun zuenekoa. Alabaina, Iranen LGBT jendea dagoen bezala, Euskal Herrian egon da, eta bada, emakumerik, eta ikusgaitasuna nahi eta merezi dute.

Kontu linguistikoari hertsiki helduta, G.L. jaunak euskarari buruz egindako baieztapena guztiz faltsua da. Generorik ez dagoela euskaraz? Eta zer da orduan hitanoa? Zer dira amama/aitita, emazte/senar, neba/arreba, eta halako hitz bikoteak? Euskarak (gehienbat) ez daukana genero morfema da, baina horregatik euskaraz generorik ez dagoela esatea gezurra da.

Baten batek pentsa lezake genero morfema ekarri nahi dudala nik euskarara. Ez naiz ni hain ausarta. Iraultza hori gizonezko ilustre batzuek egin zuten, XIX mendean, P. P. Astarloaren teoria guztiz zientifikoan oinarrituta: sehaskako mutikotxoek aaa egiten ei zuten negar, eta neskatoek, aldiz, eee. Beraz, S. Arana buru zela, deliberatu zuten euskaraz gizon izenak -a amaitu behar zirela, eta neska izenak, berriz, -e. Halaxe bete zitzaigun izendegia Josebaz eta Josebez, gaur egun arte.

Linguistikak dioskunez, askotarikoak dira hizkuntza tipoak, eta askotarikoak beren xede pragmatikoetarako darabiltzaten baliabideak ere. Euskarak genero morfemarik izan ez arren, baliabide lexikoetara jotzen du hiztunak generoa adierazteko premia duenean eta “andre auzapez”, “andre errient”, “andre profeta” edo “andre irakasle” bezalakoak baliatzen ditu, Orotariko Euskal Hiztegitik hartutako adibide batzuk ematearren. Gehienbat genero morfemarik ez duen ingeles hizkuntzan ere horixe bera egiten da, eta “female writers”, “women scientists” eta halakoak erabiltzen dira, gaztelaniaz “escritoras” edo “científicas” liratekeenak adierazteko.

Irainen artean G.L. jaunak beste argudio bat erabili du: historikotasuna. Antzina ogibide jakin batzuk feminizatuta zeudenez, esan gabe ei doa delako izenaren atzeko izakiak emakumeak zirela, izen horretan inongo genero aipamenik ez egon arren. “Galletaginen etorbidea” plaka ikusten duen edonork braust jakingo omen du bertan omendutakoak andreak zirela. Tira, edonork ez; «historian zehar ibilaldi labur bat» egin duenak, hau da, pixka bat leitua denak.

Ama galletagina izan nuen honek ondotxo dakit hura andrea zela, baina lartxo irudituko litzaidake horrenbeste eskatzea Deustuko Irlatik paseatzera etorri eta “galletagina” dioen plaka ikusten duen edonori, izan gasteiztar, eskiular... edo izan Bilboko bertako 15 edo 30 urteko auzotarra. Nik neuk ez nukeen jakingo Donostiako tabako fabrikan lan egiten zutenak andreak zirenik, plaza horri “andre zigarrogileen plaza” jarri ez baliote.

Bide batez, argumentu horrek gaztelaniarako ere balio beharko luke, ezta? Mundu guztiak ei dakienez galletaginak eta zamaketariak andreak zirela, zergatik ez jarri “Avenida de la Galletería” eta “Calle de la Carga” kale horiei gaztelaniaz, lehendik Bilbon dauden Tendería, Sombrerería edo Cinturería kaleen moduan? Tira, kendu emakumeen aipamen oro hizkuntza bietatik, eta arazoa konponduta: andreen ikusgaitasunerantz, andreen ezabaketaren bidetik.

Itzultzailea naizenez, ondo jabetuta nago bi elementuren garrantziaz: testuingurua eta pertinentzia. Testuan esplizituki adierazten ez dena, testuinguruak adierazten du sarri, baina kaleetako plakak inon diren testurik deskontestualizatuenak dira. Haietan azaltzen diren hitzek eraman behar dute adierazi nahi denaren pisu guztia. Horregatik eransten zaie askotan aposizio argigarri bat pertsonen izenak daramatzaten kaleei, adibidez “Agirre lehendakaria” edo “Etxaniz suhiltzailea”.

Bestalde, pertinentziak diosku zer den testu bakoitzean nabarmendu beharreko informazioa, zer ezin daitekeen isilpean utzi eta zer bai. Aipatutako ogibideak feminizatuak zeuden, eta horixe da, hain zuzen, kale izen horietako informazio pertinentea, ezinbestekoa, andreok eta haien ekarpen historikoa omendu nahi baitira.

Kaleen izenek, besteak beste, historia erreskatatzeko eta ezagutzera emateko balio behar dute, auzotarrei eta bisitariei, irakurri dutenei eta ez dutenei, zaharrei nahiz gazteei. Aitorpena izan behar dira, testigantza eta oroigarria. Justiziazkoa da emakume horien memoria aldarrikatzea, eta euskarak badu horretarako baliabide jator, klasiko eta errazik. Arazoa ez da linguistikoa. Pentsatu beharko dugu beste bat dela orduan.