GARA
GASTEIZ

Charles Mingus handiaren amorrua oholtzara eraman dute 30 musikarik

Charles Mingusen «Epitaph» epikoa izan zen atzo Gasteizko Jazz Jaialdiko protagonista. Bi orduko grabazioa zuzenean interpretatu zuten Mendizorrotzako oholtzara igo ziren Clasijazz Orchestrako 30 musikarik, jazzeko mitoari omenaldi bikaina eginez. Aurretik, Europa Jauregian, Sumrrá hiruko galiziarra aritu zen.

Sumrrá hiruko galiziarrak eskainitako emanaldiaren une bat.
Sumrrá hiruko galiziarrak eskainitako emanaldiaren une bat. (Raul BOGAJO | FOKU)

Jazzaren historian mito bilakatu diren Charles Mingus eta bere ‘‘Epitaph’’ grabazioa oholtzara eraman zituzten atzo Gasteizko Jazz Jaialdian. Orotara Clasijazz Orchestrako 30 musikari igo ziren Mendizorrotzako eszenatokira, XX. mendeko jazz musikari garrantzitsuaren obra epiko hau interpretatzera. Epikoa bi arrazoirengatik: bi orduko iraupena, batetik, eta forma musikal ugari bateratzen dituelako, bestetik, sustraitzat zuen bluesetik hasi eta free jazz eta abangoardiako musika klasikoaren formetaraino. Ramon Cardo zuzendari eta saxo jotzailea buru zutela, ‘‘Epitaph’’ osorik interpretatu zuten Mendizorrotzako kontzertuen inaugurazioan.

Aurretik, Europa jauregian, 25 urteko ibilbidea ospatzen ari den Sumrrá hiruko galiziarrak eskaini zuen kontzertua. Ohiko estilo fresko eta umoretsuak hartu zuen oholtza.

Eta gaur Juan Saiz eta bere taldea izango da Europa Jauregiko protagonista, ‘‘Pindio II’’ diskorako osatutako kantuak aurkeztuz. Mendizorrotzako eszenatoki nagusian, aldiz, ‘‘ahotsen gaua’’ ospatuko dute: Jazzmeia Horn eta Jose Jamesek kontzertu bana eskainiko dute. Azken hau ‘‘1978’’ diskoarekin dator, bere jaiotza urtearekin izendatutakoa eta kritika bikainak jaso dituena.