«Gu han lasai geunden. Bat-batean tiro egin ziguten, inolako arrazoirik gabe»
Duela hilabete batzuk, Bilboko Etxarriko gaztetxearen hustean, Ertzaintzak Iker Arana gazteari tiro egin eta honek barrabil bat galdu zuen. Aranak NAIZ Irratian salatu du Ertzaintzak frogak ezkutatu dituela eta ikerketa oztopatzen saiatu dela. Tiro egin zuen agentea identifikatuta dago, baina ez Ertzaintzaren ikerketari esker, Aranaren lagunei esker baizik.

Joan den apirilaren 3an Bilboko Etxarriko Gaztetxearen inguruan izandako istiluen harira, Ertzaintzako agente batek Iker Arana gazteari tiro egin zion, eta, horren ondorioz, honek barrabil bat galdu zuen. Aranak, atzo NAIZ Irratiarekin izandako elkarrizketan, salatu zuen gertaeraren ondoren Ertzaintzak frogak ezkutatu dituela eta ikerketa oztopatzen ahalegindu dela.
«Hasieran txarto ibili nintzen; ospitalean egon nintzen zazpi egunez. Baina orain jada bizitza normala egiteko gogoarekin nago», adierazi zuen.
Etxez etxe txirrin joka Tiro egin zuen agentea identifikatua izan da, baina ez Ertzaintzaren ikerketari esker, Aranaren lagunek gertatutakoaren bideoak eta argazkiak lortu zituztelako baizik.
«Tiroa gertatu eta hiru edo lau egunera, Etxarri gaztetxearen inguruan dauden etxeetako txirrinak jotzen ibili ziren lagunak. Bideoak eta argazkiak lortu zituzten eta horietako batzuetan tiro nork egin zidan ikusten da, baita tiro egin zidan momentua ere. Froga oso onak eskuratu ditugu. Horiei esker izan da guztia. Horiek gabe badakit, eta abokatuak ere hala esan dit, ezinezkoa izango litzatekeela gertatutakoa frogatzea», azaldu zuen.
«Lortutako froga bisual guztiak nire ingurukoek lortuak dira. Poliziaren kamerek ez dute inolako erabilgarritasunik izan. Ni nengoen inguruko 35 ertzainen kamerak aztertu dituzte, baina betiko moduan, ez da ebidentziarik lortu. Ezin izan ditugu bideo horiek ikusi», gaineratu zuen.
Aranak zehaztu zuenez, tiroa ez zuen istilu gunean bertan jaso, baizik eta gaztetxetik gertu, Eskurtze institututik hurbil, zehazki. Bata bestearen aurrean daude; 20-30 metro egongo dira bien artean. «Gu han geunden, lasai, auzokoekin, ikusminez, ze istiluak gertatzen ari ziren baina Errekaldeko beste punta batean, anbulatorio inguruan. Han geunden 20-30 pertsona, lasai-lasai, kuxkuxero moduan, gertatzen ari zena ikusten, eta bat-batean tiro egin ziguten, inolako arrazoirik gabe», kontatu zuen.
Gazteak tiro egin zion ertzaina ikusi zuen. Agertu zuenez, agenteak zuzen-zuzenean barrabiletara apuntatu zuen: «Ez zen istripua izan. Gaur egun dauzkaten armekin, non apuntatzen duzun, han jotzen du». Aranak gogoratzen du lurrera erori zela baina segidan handik ihes egin behar izan zuela atxilotua izateko arriskua zegoelako. Lagun batek etxera eraman zuen gero.
Ertzaintzaren adierazpenak Ertzaintzaren deklarazioak irakurri ditu Aranak eta hainbat gezur omen daude horietan. «Agente horrek tiro egin zuen, baina bere taldekoek ikusi egin zuten. Esan dute ez zutela ezer ikusi, edo nire aurka zerbait esan dute. Baina bideoetan ikusten da gu lasai geundela eta haiek tiro egin zigutela nahi izan zutelako edo aspertuta zeudelako. Ez dut ulertzen», adierazi zuen gazteak.
Salaketa prozesua apirileko bigarren astean abiatu zen. Jarraian deklaratzera deitu zuten Arana, eta hala egin zuen. Tiro egin zuen ertzaina dagoeneko identifikatuta dago. Orain «behingoz justizia egitea» espero du gazteak.
Hala ere, tiro egin zuen agente honi deklarazioa hartzeko prozesua atzeratzen ari dela salatu zuen. «Esan ziguten laster deituko zutela, hau azkar joatea nahi zutelako. Baina orain esan digute segur aski irailean edo urrian deituko dutela deklaratzera. Beraz, gauzak atzeratzen dabiltza. Hiru hilabete behar izan dituzte agentea identifikatzeko. Ziur nago alderantzizkoa izango balitz -ertzaina zauritua eta manifestaria susmagarria-, hurrengo egunean atxilotuko zuketela», adierazi zuen gazteak.
«Justizia Aranarentzat» Joan den astean aurkeztu zuten “Justizia Aranarentzat” plataforma. Honen bidez hiru helburu nagusi lortu nahi dituzte: Iker Aranaren kasuari oihartzuna ematea, Poliziaren bortizkeria salatzea eta justizia exijitzea.
Aranak ez du inolako kontakturik izan Lakuako ordezkariekin, nahiz eta Bingen Zupiria bozeramaileak NAIZ Irratian bertan adierazi zuen harremanetan jartzen saiatu zela. «Eskertuko nuke hala izatea. Baina ez dut beren deirik edo inolako kontakturik izan», baieztatu zuen gazteak.
Elkarrizketan aldarrikatu zuen beharrezkoa dela Ertzaintzako agenteak identifikatzeko sistema gardenagoa ezartzea. Izan ere, «ezinezkoa da sorbaldan daramaten zenbaki txikia irakurtzea. Eta berriz irakurtzeko hurbiltzen bazara, oldartu egiten dira», azaldu zuen.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias
