Angel LASA
GAZTA ZATI BAT

«Lehenago hasi ez izana, pena hori daukat»

(Jose ZALDUA)

Euskal gaztagile onenetako bat da Ander Barandiaran, baina ez pentsa umetatik ardizalea izandakoa denik. «Nik behin ere ez nien ardiei erreparatu, esne behien zale amorratua izandu naiz ni», esan digu Beterriko euskara ederrean, Idiazabalgo Gaztainaditxulo baserriko gaztandegian. Duela urte batzuk Goierrira bizitzera etorri zen familia, eta behiak jartzekotan zen amasarra, baina aurrekontua handiegia zela jabetu zen. Planak aldatu eta hamabost ardi ekarri zituen, etxe inguruan ibil zitezen.

Probatu zuen, probatu bazuen: hiru urtera, 170 buruko artaldea zuen. Eta ondoren, gehiago. Baina fabrikan lanean segitzen zuen Zizurkilen. Bere burua gehiegi estutu -goizeko 6.00etan lanera sartzeko 2.30ean jaikitzen zen, ardiak jeztera, eta lantegitik itzulitakoan berriro ardietara- eta gorputzak abisua eman zion. Kardiologoak garbi esan zion horrela ez zuela segitzerik. «Une jakin batean zirt edo zart egin beharrean tokatu nintzen, eta erabat ardietara jartzea erabaki nuen. Lehenago hasi ez izana, pena hori daukat, baina txakur txikirik ere ez neukan patrikan, eta fabrikako soldata ederki etorri zitzaidan gaztagintzan aurreneko pausoak emateko». Gazta egiten amak, Edurne Mujikak, ikasi zuen aurrena. Eta hark irakatsi zion: «Izugarri lagundu dit».

Gazta ona egiteko esne ona behar dela argi du, eta horretarako ardiak gozatu egin behar direla, eta gozatzeko larre onak eta eguraldi egokia behar direla. Bero zakarretik ihes egin behar dute ardiek, eta goizeko lehen orduko eta iluntzeko freskura maite dute.

Ketua baino gehiago egiten du gazta zuria, saldu ere hala egiten da-eta Euskal Herrian. Kanpoan, berriz, ketuak estimu askoz handiagoa ei du. Eta gaztandegiko bisitariak aipatuta, estatubatuarrak nabarmendu ditu, baserriko edozer gauzarekin harritzen direlako eta, gazta erosteko joera handirik ez duten arren, oso eskupeko onak ematen dituztelako: «Sinesterik ez dago nolakoak...».