GARA
DONOSTIA

Madalenak eta Santamañak, Gipuzkoa eta Bizkaia festaz bustiko dituzten ospakizunak

Mutrikuk, Errenteriak edo Antzuolak Gipuzkoan, eta Arrigorriagak, Otxandiok edo Bermeok Bizkaian, festak ospatzen dituzte Madalena egunaren inguruan. Ez dira faltatuko erraldoiak eta buruhandiak, herri bazkariak, txapelketa gastronomikoak, kirol ekitaldiak eta musika.

Mutrikuko txistulariak, erraldoiekin kalejiran.
Mutrikuko txistulariak, erraldoiekin kalejiran. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Uztaileko azken txanpari heltzeko iritsi dira Madalenak Gipuzkoako eta Bizkaiko txoko batzuetara.

Malen jaiak dira Mutrikuko festa nagusiak, bihar hasiko direnak. Sokamuturra, danborrada, erraldoiak eta buruhandiak bezalako ohikoak ez dira faltatuko. Ondo pasatzeko helburuarekin prestatutako egitaraua aurkeztu du Udalak, baina, Ainhize Azpiazu alkateak esan bezala, errespetua ere kontuan hartuz.

Karro-poteoa eguerdian abiatuko da, eta 14.00etan txupinazoa botako dute. Honela hasiko dira ofizialki uztailaren 25era arte luzatuko diren festak. Lehen egunean bazkaria, txaranga eta batukada izango dira.

Igandea, uztailak 20, lasaiagoa izango da, hurrengo egunean, 21ean, Malen bezpera eguna ospatzen dutelako. Umeentzako jolasak eta aurpegi margotzea izango dira 16.00etatik aurrera, eta denak dotore daudela, haurren txupinazoa izango da ondoren. Bitartean helduek pilota partidez, antzerkiaz, danborradaz eta playbackaz gozatu ahal izango dute.

Malen egunean (22) haur parkea goiz eta arratsaldez, musika bandaren emanaldia, herri kirolak eta su artifizialak izango dira, eta asteazkenean, uztailaren 23an, Txiki eguna ospatzen dute. Hori dela eta, umeak dira protagonistak eta haiei eskainitako hainbat ekimen antolatuta dituzte, tartean haur danborrada. Ostegunean (24) Kuadrilla eguna egingo dute, eta gazteek lagun artean ondo pasatzeko bereziki prestatutako futbito zezenekin eta sokamuturra antolatu dituzte.

Santixo eguna izango da jaietako azkena, pintura lehiaketarekin hasiko dena. Eguerdian txakolin dastaketa izango da, eta arratsaldean Kukai dantza taldearen ikuskizuna eta bertso saio musikatua.

Errenteriako Madalenak astelehenean hasiko dira eta uztailaren 25era arte izango dira. Programak 130 jarduera biltzen ditu. Lortu duten aniztasunaz eta egitaraua prestatzen aritu diren talde guztiez harro agertu zen Aizpea Otaegi alkatea. Bestalde, Larreaundi baserriko Arantxa Otegi eta aurten omenduko dituzten herriko baserritarrak zoriondu zituen: «Litekeena da askotan ikusezin sentitu izana, baina aurten nor omendu aukeratu duten Herritarren Batzordeko partaideek herriari egin dioten ekarpena goraipatu nahi izan dute, bereziki emakume baserritarrek, Arantxak kasu, egindako lan isilaren bidez».

Festen lehen egunean, 19.00etan, Herriko Plaza adin guztietako jendearen topagunea izatea nahi dute. Hori, ordea, ez da txupinazoa bizitzeko aukera bakarra izango, aurten mila koloreko txupinazo txikia -Holi Txupinazoa- eta Zumardian jarritako pantaila erraldoia ere izango baitira. Halaber, Herri Bizia webgunean streaming bidez jarraitu ahal izango da une berezi hori.

Antzuolako jaiak atzo hasi zituzten, Hontzaren jaitsierarekin, eta igandera arte iraungo dute. Gaur ur jolasak izango dira guztientzat, jolas parkea, ur zezena eta kuadrillen arteko ginkanarekin.

Dotoreago jarriko dira bihar, goiza kanoikadekin hasi ostean. Musika bandaren kalejira eta kontzertua izango dira goizean, eta alardea ospatuko dute arratsaldean, aurten Ion Gurutz Biterik sortutako martxa berriarekin. Iluntzean elektrotxaranga, erromeria eta kontzertuak izango dira plazan zein txosnetan.

Azken egunean, igandean, jubilatuen eskutik salda eta txorizoa banatuko dituzte eguerdian, eta ondoren mariatxiak izango dira plazan. Hontzaren igoerarekin bukatuko dituzte festak.

Bizkaira salto eginez, Arrigorriagak gaur botako du suziria. Aurten Epifaniaren Aldeko Taldeak 50 urte betetzen ditu eta Inauteri Batzordeak 10, eta haiek izango dira txupina botatzeko arduradunak. Haiekin batera, aipamen berezia egin diote Arrigorriaga Harrera taldeari, egindako gizarte lanagatik, eta une berezi horretan izango dira baita ere. Jarraian buruhandiak aterako dira, eta txosnak zabalduko dituzte.

Bihar erraldoien kalejira aterako da eguerdian, txikien gozamenerako, baina 15.00etatik aurrera gazteen txanda izango da, bazkaria eta olinpiadak izango baitituzte. Arratsaldean kirolak lekua izango du emakumeen zein gizonezkoen padel txapelketetako finalekin. Gauean zezensuzkoa aterako da.

Igandean umeak eta nagusiak nahastuko dira; haurrei dagokienez, tailerrak eta bazkaria izango dira haientzat, eta arratsaldean txikifesta.

Nagusientzat, berriz, bazkari omenaldia egin eta ondoren dantzaldia egongo da. Txanpiñoi dastaketa, giza proba edota folklore kalejira bezalako ekitaldiak iragarrita daude.

Hurrengo egunetarako ere egitarau polita prestatu dute. Hala, hondarrez animaliak egiteko tailerra eta playback lehiaketa egingo dituzte uztailaren 21ean. Biharamunean, 22an, Madalena egunean, mistela eta madalenak banatuko dituzte, ohi legez, eta oliba hezur jaurtiketa txapelketa xelebrea egingo dute. Uztailaren 23an Umeen eguna ospatuko dute, eta haientzat jolas pila bat atondu dituzte, baita izozki banaketa ere. Gauean bakarrizketa eta film laburren emanaldia izango dira. Uztailaren 24an, mozorro egunean, kaletik kantari joango dira, kale dantza egongo da eta baita elektrotxaranga ere. Eta uztailaren 25ean paella eta tortilla lehiaketa egingo dute goizean, eta arratsaldean apar festa izango da.

Otxandiok Santamañetako txupinazoa atzo izan zen, eta gaur festari ekingo diote berriro, uztailaren 27ra arte. Egun pila bat dituzte aurretik. Gaur, adibidez, Mutrikuko buruhandi eta erraldoiak Otxandioko gaiteroekin batera kalejira egingo dute, eta gero Taberna Ibiltaria taldeak ikuskizuna eskainiko du.

Bihar, Umeen eguna izango da, eta 6. mailakoek suziria bota ondoren hasiko da. Igandean, berriz, herri bazkaria, eta tute, mus eta briska txapelketak izango dira, besteak beste.

Astelehenean atsedena hartu eta gero, uztailaren 22an Soka Dantza dantzatuko dute neskek eta 23an herriko haurrek pilota partidak jokatuko dituzte.

Jaietako azken bi egunetako egitaraua berriro beteago dago: uztailaren 26an San Martin eguna izango da eta paella txapelketa izango da; uztailaren 27an, berriz, Agur Santamañak eguna opatuko dute, eta goizeko sokamuturraren ostean, eguerdian, 1937an bonbardaketan hildakoei omenaldia egingo diete. Arratsaldean herri kirolak izango dira. Erromeriaren ostean, gauerdian agurtuko dituzte jaiak.