Azken epaia salatu eta euskararentzat justizia eskatu dute ia 100 udalek
UEMAk deituta, ia 100 udal eta milaka herritar atera ziren atzo eguerdian kalera, EAEko udal legearen aurkako espainiar Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko. Egoeraren «larritasunak» adostasun «sendoetara» heltzea eta euskara «benetan babestea» eskatzen duela nabarmendu zuen UEMAk.

Espainiar Auzitegi Gorenak EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ondoren, UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) epaia salatzeko eta euskararentzat justizia eskatzeko deia egin zuen herenegun, udalerri euskaldunetan atzo eguerdirako elkarretaratzeetara deituta. UEMAko kide diren 118 udaletatik ia 100ek heldu zioten presazko deialdiari eta kalera atera ziren atzo, udaletxeen aurrean.
Tokian tokiko euskara elkarteen eta milaka herritarren babesa izan zuten, eta azken epaia salatzeko kartelak erakutsi zituzten, euskarak benetan aurrera egin dezan lege berria behar duela aldarrikatzearekin batera.
Martin Aramendi UEMAko lehendakaria Ataungo elkarretaratzean izan zen, bertako alkatea baita, eta han egin zituen adierazpenak udalerri euskaldunen mankomunitatearen izenean. Deialdiarekin bat egin zuten udal, erakunde, euskara elkarte eta milaka herritarrei eskerrak eman zizkien, eta egoeraren larritasuna ikusita euskarak benetako babesa behar duela nabarmendu zuen. «Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu nahi izan dute beste behin ere, euskararen ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzitan jarriz. Epaia larria da, eta behar zuen berehalako erantzuna. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet UEMAren deialdiarekin bat egin duten udal, euskara elkarte, euskalgintzako eragile, alderdi eta gainerako guztiei, eta batez ere gaur kalera atera diren milaka herritarrei», adierazi zuen.
Aramendiren hitzetan, egoeraren larriak «adostasun sendoetara heltzea eta euskara benetan babestea eskatzen du, aurrera egiteko ezinbestekoa baitugu benetako lege babesa». Horretarako alderdiei dei egin zien, «euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari utzi eta benetako justizia merezi baitugu».
Euskalgintza, hainbat alderdi eta eragilerekin batera, datorren asterako mobilizazio berriak prestatzen ari da, eta UEMAk horiekin bat egingo duela argi utzi zuen. «Euskara ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa. Ezta ofiziala den lekuetan ere», ohartarazi zuten UEMAko ordezkariek. Izan ere, Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan, eta ezaguna denez, jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan.
«Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere». Hori da, UEMAren ustez, gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua.
URRUTIA: «GUNE PROPIOA»
Euskaltzaindiko presidente Andres Urrutiak euskararentzat «jarduteko gune propioa» beharrezkoa dela nabarmendu zuen, horrela «koofizialtasuna soilik paperean agertzen den zerbait ez izateko».
RNE irratian egin zioten elkarrizketan, Gorenaren epaiari buruz aritu zen Urrutia. Adierazi zuenez, «Euskaltzaindiak ezin du epaiaren balorazio positiborik egin.
Euskarak pairatzen duen larrialdi egoeraren aurrean, «gogoz ekiteko garaia dela» nabarmendu zuen EH Bilduko programa idazkari eta parlamentari Nerea Kortajarenak Orion UEMAk deitu zuen elkarretaratzean. Auzitegi Gorenaren epaiak, ultraeskuinaren ildotik, euskararen kontra, udal autonomiaren kontra eta autogobernuaren kontra egiten duela gaineratu zuen.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
