Torre Pacheco antipodetan dagoela sinistea akatsa da

Egunotan Torre Pachecon gertatutakotik aldentzeko joera logikoa bada ere, errealitate hori hemengo antipodetan dagoela pentsatzea akatsa da. Alde nabarmenak daude, baina antzekotasunak ez dira falta.

Jakina, Euskal Herrian ez dago ultraeskuinaren deialdirik, horrek jendartearen defentsa-mekanismo tradizionalak aktibatuko lituzkeelako.

Arrazakeriak munduko leku guztietan bezala funtzionatzen du: «gu» eta «haiek» ezarriz eta estigmak baliatuz. Jendeak ez du bere burua entzuten, «ez da arrazakeria, arazoa magrebtarrak dira» esaten duenean.

Gezurrak antzekoak dira edonon.

Ertzaintzaren birmoldaketa ezaren ondorioz, Polizia tentsio iturri da, eta udaltzainen lana zailtzen du.

Indarkeria inertzia metakor bat da, eta, deseskalatzen ez bada, hazi eta lehertu egiten da.

Indarkeria eta misoginia hedatzen laguntzen duten azpikulturak indartzen ari dira, gizon gazteak interpelatzen dituzten joerak. Batzuetan, drogak ekuazioaren parte izan daitezke.

Euskal Herrian bada eskubideen, askatasunen eta elkartasunaren alde ari den jendarte antolatu bat. Dinamika atzerakoi orokorrari aurre egiten asmatzea ez da erraza, ordea.

Harrotasun nazionalak hobeak izaten saiatzeko balio du, baina herria erretorika atzerakoiaren edo arrazakeriaren aurka txertatzen duela sinistea antzua da. Gaizki ulertuz gero, are eta arriskutsuagoa ere bada.

Euskal Herriko erakunde guztietan ultraeskuinaren aurkako murru demokratikoak funtzionatzen du, baina datorrena aurreikusi behar da.

Aldeak alde, Hernaniko liskarrak Torre Pachecon gertatutakoarekin familia kutsua dute. Euskal herritar eta erakundeok nahiago genuke horrela ez dela sinistu, baina hobe dugu ondo aztertzea eta auzia larriagotu baino lehen irtenbideak bilatzea.