Arnaitz GORRITI
ARRAUNA

Zierbena nagusi Joseba Fernandezek San Juanen egindako estropada lekuan

Estropada ikusgarria izan zen atzo, Eusko Label Ligako IV CMO-Valves Banderari gatz eta piper gehiago emanda, azken txanpa gogoangarri bati esker Zierbenak denboraldiko lehenengo bandera eskuratu baitzuen, Orio liderra nabarmen gaindituta.

Pozarren Zierbena, kostata bada ere azkenean garaipena lortuta.
Pozarren Zierbena, kostata bada ere azkenean garaipena lortuta. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Joseba Fernandez Pasai Donibaneko entrenatzailearen burutik atera den estropada eremuak Eusko Label Ligako IV CMO-Valves Banderari sekulako gatza eta piperra eman zizkion atzo. Erdia ibaian, erdia itsaso zabalean, haizea gorantz zela, korrontea ere petral eta traineruek enfilazioa bidean aldatu beharra... Ikusgarria izan zen atzoko estropada eta are gatz eta piper gehiago eman zizkion Eusko Label Ligari, azken txanpa gogoangarri bati esker Zierbenak denboraldiko aurreneko bandera eskuratu baitzuen; Orio liderra nabarmen gainditu zuen, eta bigarren txandatik aritu zen Hondarribia eta Getaria atzetik orpoz orpo zituelarik.

Sailkapen nagusian Oriok jarraitzen du lider, baina «galipoak» hiru puntura hurbildu dira bigarren postuan. Hirugarren posturako, berriz, sekulako lehia dago Donostiarra, Urdaibai eta aurten eskifaia gaztetzeko lanetan sailkapeneko kontuak bigarren mailan laga dituen Hondarribiaren artean. Beti ez dira arraunketa baldintzak hain bereziak izango eta, jakina, erlojuaren aurka lehiatu beharrean elkarren ondoan aritzea tokatzen den horietan, kaleen arteko aldeak ere zeresanik izango du. Nolanahi, Joseba Fernandezen burutik atera den asmakizunak sekulako ikuskizuna laga zion arraun zaleari, hala estropadagatik nola emaitzagatik.

«Bagenekien ez geundela hain urruti», adierazi zuen Zierbenako patroi Aitor Lazkanok. «Orio lan bikaina egiten ari da, baina ikusten genuen goitik beherako estropada bat behar genuela gure maila benetan erakutsi eta bandera bat eskuratzeko», gaineratu du «galipoen» patroiak. Izan ere, orain arte hiru estropadatan nagusi izan da Orio, eta irabazi ez zuen bakarrean Donostiarrak sartu zuen branka. Ondorioz, Bizkaiko traineru zaleentzat herrialdeko garaile bat izateko ordua iritsi zen atzo.

Itsasoaren eta haizearen gorakadaren ondorioz, Hondarribiak denbora luzean ezarri zuen denborarik onena. Alabaina, azken luzean olatuak eta haizea alde izan zituzten ohorezko txandako traineruek, eta nabarmen geratu zen, atzetik aurrera zer-nola egin zuten ikustean. Kasu horretan, erreferentziak urri samarrak izan baziren ere, Oriok eta Zierbenak ia buruz buruko lehia egin zuten; hots, azkenengo ziabogan denbora berbera markatu zuten «galipoek» eta «mirotzek».

Halakoetan Gorka Aranberri eta bere taldearen eskua nabarmendu ohi da, baina atzo Aitor Lazkanorenek erakutsi zuten sendotasunik handiena. «Azken luze horretan minutu bat behar izan dugu taldea bateratu eta garaipenaren bila joateko. Baina behin lortu dugunean, ezin hobeto atera da. Egia da honetarako entrenatzen dugula, baina zapore gozo berezia ematen du, lehiaketari berari bizitasuna eskaintzen diolako», gaineratu zuen Zierbenaren lemazainak.

Donostiarra eta Urdaibaik, berriz, nahi baino belarrondoko handiagoa jasan zuten. Donostiarrek Hondarribia eta Getaria aurretik izan zituzten, eta gaitz erdi San Juani eustea lortu zutelako. Bermeoko arraunlariek, ordea, zazpigarren egin zuten, Pasai Donibaneren atzetik eta Ondarroa aurrea hartzeko puntuan zela. Beste behin, Cabo da Cruz eta Kaiku nabarmendu ziren azken bi postuetan, eta Lekittarrak eta Ondarroak Aresi aurrea hartu ziotelako, are urrunago ari zaie jartzen hamargarren posturako bidea.

‘LUGAÑENE’ NAGUSI

Arraun Lagunak Euskotren Ligako lidergoan are gehiago sendotu zen Pasai Donibaneko erlojupekoan nagusitu ostean. Bost estropadatik lau eraman ditu “Lugañene” ontziak orain arte, eta Oriok azken unera arte estutu bazuen ere, azken izerdi tantaraino zukutzeak sari eder askoa eman zien donostiarrei beste behin.

Bostetik lau irabazi baditu Arraun Lagunaken ontziak, zer esan Orioren bostetik bostekoari buruz? Kontua da “San Nikolas” beti bigarren sailkatu dela; lautan Arraun Lagunaken ondotik eta beste behin Tolosaldearen atzetik. Amorragarria behar du oriotarrentzat hain lan fina egin ostean -pronostikoetan sartzen ez zen lan fina, gainera- banderarik astintzeke geratu behar hori. Atzo bertan ere bi segundo baino gutxiago izan ziren irabazlearen eta bigarrenaren artean, oriotarrek bigarren luzean estropada asko estutu zutelako.

Erlojuaren aurkako estropadetan erreferentziek garrantzi eskerga izan zuten. Ez zen harritzekoa Hibaikak irabazi izana aurreneko txanda -gaur ohorezko txandan izango da, sailkapen nagusian Zumaia harrapatu eta gero-; ezta Arraun Lagunaken garaipena ere, azken atera baitziren biak ala biak beren txandetan. Hortxe markatu zuten aldea.