Begotxu OLAIZOLA eta Josu ALBERO
Naziogintza Taldea
KOLABORAZIOA

Nazioarteko lankidetza autodeterminazioaren alde

Naziogintza Taldearen sorrerako helburuetako bat Europako beste estaturik gabeko nazioekin harremana egitea zen, lankidetza eta elkar ezagutza sustatzeko eta sinergia berriak abian jartzeko gure eskubide nazionalen defentsan.

Helburu horretarako gure taldea ICEC nazioarteko erakundean integratu zen sortu eta berehala. ICEC erakundea (International Commission of European Citizens) Europako estaturik gabeko nazio batzuen ordezkariok osatzen dugu (Eskozia, Katalunia, Euskal Herria, Flandria, Gales, Hego Tirol… ordezkatuta egonik) eta gure eskubide nazionalen alde lan egiten du, autodeterminazioan eta eskubide linguistikoen arloan bereziki. Bruselan du egoitza ICECek, eta Europako Legebiltzarrean jardunaldi batzuk antolatu ditu aurreko urteetan, parlamentu horretako hainbat alderdi abertzalerekin elkarlanean.

Europako mugimendu independentista ezagunak ordezkatuta daude ICECen: Eskoziako Scottish Independence Convention, Galesko Yes Cymru, Flandriako Vlaamse Volksbeweging (VVB) edo Kataluniako Ciemen, esaterako. Naziogintza Taldea da ICECen Euskal Herria ordezkatzen duen erakundea.

Aurreko uztailaren 5ean, Cardiffen (Gales), ICECeko ordezkariok Cardiffeko Adierazpena sinatu genuen, Europako mugimendu independentista zibikoen arteko lankidetza indartzea proposatzen duen dokumentua. Euskal Herrian sinadura hori nahiko oharkabean igaro bada ere, beste nazioetako hainbat komunikabidek Cardiffeko Adierazpenaren albistea segituan jaso zuten.

Cardiffeko Adierazpenaren puntu nagusiak honako hauek dira: Bat. Nazio eta herri mugimendu gisa elkarrekin lan egitea, lotura sendoak eta iraunkorrak eraikitzeko. Bi. Ezagutzak, esperientziak, jardunbide egokiak eta kanpaina estrategia eraginkorrak partekatzea, gure kanpainen arrakasta indartzeko eta bizkortzeko. Hiru. Erronkei aurre egiteko elkarri laguntzea, elkartasuna sustatuz. Eta lau. Parte hartze masiboarekin eta gure giza oinarrien indarrarekin konprometitzea, gure mugimenduak bultzatzeko indar gisa, gure nazioen independentziaren aldeko kanpainak irekiak, irisgarriak eta parte hartzaileak izango direla bermatuz.

Sinatutako adierazpenak nabarmentzen du beharrezkoa dela gure etorkizunaren jabe izan nahi dugun nazioen arteko lankidetza guneak bilatzea, besteen esperientzietatik ikastea eta balizko nazioarteko aukerak eta abaguneak aprobetxatzea, independentziaren bidean urrats esanguratsuak eman ahal izateko.

Yes Cymru erakunde independentista galestarra izan zen Cardiffeko jardunaldiaren anfitrioia. Jardunaldian aukera izan genuen beste nazioen egoera politikoa eta, bereziki, Galesen erronka politiko eta linguistikoak ezagutzeko. Gogoratu, Galeskoa dela Euskal Herriko egoera linguistikoarekin antza gehien duena, eta ugariak direla gure bi nazioen arteko antzekotasunak.

Bukatzeko, ICECeko partaide gisa Naziogintza Taldetik dei egiten diegu autodeterminazioaren alde lan egiten ari diren Euskal Herriko talde eta erakundeei elkarlana egiteko, betiere aintzat hartuz autodeterminazioa ez dela guretzat helburua, tresna politikoa baizik. Independentzia da gure xedea, Euskal Errepublika baita gure nazioak behar duen egitura politikoa XXI. mendeko erronkei aurre egiteko.