Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Radarrak eta zirimiria

Orain aste batzuk mugikorretako eguraldi aplikazioen inguruan aipu txiki bat egin nuen, horiek erabiltzeko garaian kontuan hartu beharreko hainbat punturekin.

Aplikazio horietako batzuek jada sartu dute prezipitazioak ikusteko radarra. Tresna hori Aemetek eta Euskalmetek bi txokotan dituzten radarrek eskainitako irudiez elikatzen da eta prezipitazioa nondik nora dabilen eta doan, eta daukan intentsitatea, markatzen digu. Baina radarrek (Aemet eta Euskalmetenak barne) badute akats txiki bat. Ez dute euri txikia edo zirimiria antzematen. Sarri gertatu ohi da, radarra begiratzean prezipitaziorik inon ez ikusi, kalera atera eta zirimiria egitea. Horrek badu bere azalpena, ordea.

Radar batek radio uhinak bidaltzen ditu, eta uhinek euri tanta, txingor edo elur-malutekin talka egin eta oihartzuna jasotzen dute. Oihartzun horren denboraren eta intentsitatearen arabera, prezipitazio horren mugimendua, intentsitatea eta abiadura neurtzen dira. Baina ur tantak oso-oso txikiak direnean (zirimiri tantak kasu) radarrak bidalitako uhinek talka egitean sortzen den oihartzuna txikiegia da eta radarrak ez du antzematen.

Badakit jendea kexu izaten dela honekin, baina horretan lanean dihardute eta urte gutxi barru hobekuntzak nabarituko dira.