Nostalgiaren indarra presente Hatortxu Rocken
Divina Comedia eta Albina Stardustek gidatutako bingo musikatuarekin hasi zen bigarren eguneko egitaraua NAIZ gunean. Andoni Ollokiegi ere bertan izan zen, baina eguneko protagonista nagusiak beste batzuk izan ziren. Goraino bete zen Beriain gunea Sukena, Koma, Bulego, Zetak edota Latzen taldeei jarraika.

Lehen eguna gaindituta, aje aurpegi askorik ez zen ikusten Hatortxu Rockeko guneetan. Itxuraz, atsedenerako tartea ere hartu zuten batzuek eta besteek bigarren egunari ere aurre egiteko. Kosta ala kosta saioarekin abiatu genuen goiztiarrentzako programazioa NAIZ gunean, baina bazkalordutik aurrera hasi zen benetako mugimendua.
Beriain gunean soinu frogak egiten ari ziren ordurako, eta sekulako irrika sortzen ari zitzaigun han bueltaka ginenoi, Latzenen doinuak entzutean sekulako zirrara sortzen baitzitzaigun. Dena dela, bagenuen zertaz gozatu 15.00etan, NAIZ gunean bingo musikatua etorri baitzen Albina Stardust eta Divina Comediaren eskutik. Kartoiak eskuetan zituztela gunea goraino bete zuten karpara bertaratuek. Une dibertigarria, ezbairik gabe.
Atzetik, Andoni Ollokiegiren emanaldia izan zen gozagarri. Ollokiegik presoen gaia lantzen duten kantuekin osatu zuen kontzertua, hasi eta buka. Une ederrak utzi zituen pasaitarrak. Tarte horretan ‘‘Kriston martxa dabil’’ kamisetak eta NAIZenak banatu eta banatu ibili ginen, preziatuak baitira kamisetak. Batzuk kamisetak probatu eta bingoan jolasten zuten aldi berean, une bitxia bezain dibertigarria. Ane Martijaren emanaldiarekin bukatu zen NAIZ guneko egitaraua.
KARTEL POTENTEAK JENDETZA ERAKARRI ZUEN LAKUNTZARA
Xutik taldearen emanaldia izan zen Lakuntzako plazan lehena. Festa giroari eta dantzari bide eman zioten lapurtarrek. Atzetik Izaki Gardenak taldearen txanda etorri zen; azken orduan egitaraura batu ziren gasteiztarrak eta giro goxoa nagusitu zen herrian.
Beriain gunean, berriz, kontrasteetarako tartea izan genuen bezperan bezalaxe. Sukena talde oñatiarra karpan ari zen bitartean, Koma talde nafarra Hator Hator oholtzako lehena izan zen. Bulego eta Potato etorri ziren ondoren. Azkoitiarrek presoen eskubideen aldeko jaialdietan hasieratik konpromisoa erakutsi dute, izan Hatortxun edota Zama Doinuz Arindu jaialdietan. Bien azken ekitaldietan ere ezin zuten hutsik egin.
NOSTALGIAREN INDARRA
Latzen taldearen emanaldia zen akaso nostalgikoenentzat plater nagusia bart, baina Kaotikoren saioak ere bazuen hortik. Hogeita bost urte bete dituzteneko bira osatzen dabil Aguraingo taldea, eta bide horretan guztian sortutako ereserkiak gogotik abestu zituzten Hatortxu Rockera azaldu zirenek. Kontua da, ordu berean, karpan itzulera bat gertatzen ari zela, Autobus Magikoa talde oiartzuarra lehenengoz ikusteko aukera eduki zuen askok eta une polita etorri zen horri esker.
Baina itzuleren artean bat itxaroten ari bazen publikoa, hori Latzen taldearena zen. Bazkalordutik sortutako irrika asetzeko tenorea iritsi zenean, ‘‘Bat gehiago’’, ‘‘Torturaren artea’’, ‘Ihes-a ihes’’ edo ‘‘Ze ingo xu?’’ bezalako ereserkiez gozatzeko aukera izan genuen. Indar handiko emanaldia izan zen arren, hunkidurak hartzen zigun barnea, eta hori kanporatzen genuen garaian Latzen taldeaz gozatzeko aukerarik izan ez genuenok. Bueno, baita garaian gazteagoak zirenek ere. Amorrua kanporatzeko ere baliatuko zuen askok, sasoi hartan egoera ere bestelakoa baitzen gure gazteriarentzat.
GAU ILUNA NOIZ AMAITUKO DA?
Deskontrol eta Arkada Social taldeekin jarraitu zuen askorentzat amorruaren deskargak, baina Zetak-en emanaldiaren bueltan pilatu zen jendetza izugarria. «Beriain, zaindu Sakana» esaten du haien kantu batek, eta zaindari bikaina izaten ari da Hatortxu Rocken azken edizioan. Baita Aralarko Dama ere, testuinguru honen bueltan oso desberdin entzuten ziren atzokoan kantuak. ‘‘Mitoaroa’’ Nafarroa Arenan izan zen, baina nahiko genuke presoen afera bera ere mitoa izango balitz. Etxean nahi ditugu.
Su Ta Gar taldearen txanda etorri zen gauerdiaren atarian. Eibarko taldearen emanaldia beste puntu goren horietakoa zen atzo.
“Jo ta ke” edota “David eta Goliath” kantutzarrek publikoaren beroa jaso zuten bueltan. «Senideak malko artean, besarkadak maitasunaren gainetik. Gau iluna amaitu da iritsi da amnistiaren eguna», hori dio ‘‘Gau iluna amaitu da’’ abestiak. Atzo argitu zen apurtxo bat gaua, Hatortxuren amaierak hori ere iragartzen du. Baina oraindik falta zaigu, eta ez gutxi, zerua oskarbi egon dadin.
Gaua asko luzatu zen atzo ere. Fillas de Cassandra galiziarrak, Brigade Loco, Kaleko Urdangak, Ødei, Xiberoots, Añube edo La Txama taldeen emanaldiek gau ederra izango zela aurreikusarazten zuten.
Hirugarren egunean ea bigarrenean bezainbesteko umore ona eta alaitasuna izaten ditugun. Hau, gutxika, bukaerara iristen ari baita.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
