GARA
DONOSTIA
GATAZKA SEGURTASUN SAILEAN

Miren Dobaranek dimisioa eman du, Arkautin izandako talken ondorioz

Ibilbide laburra egin du Miren Dobaranek Arkautiko Akademiako zuzendari karguan. Hizkuntza Politikako sailburuorde izandakoak dimisioa eman zuen atzo, Ertzaintzaren zenbait arduradunekin talka egin ostean. Amaya Angulo akademiako Administrazioko eta Zerbitzuen Arloko zuzendariak ere ardura utzi du. Urtebete inguru eman dute biek Segurtasun Sailean.

Miren Dobaran eta Bingen Zupiria, Arkautiko Akademiara eginiko bisita batean.
Miren Dobaran eta Bingen Zupiria, Arkautiko Akademiara eginiko bisita batean. (IREKIA)

Miren Dobaranek ez du Arkautiko zuzendari lanean jarraituko. Dimisioa eman duela eta Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun arloko sailburuak onartu egin duela aurreratu zuten atzo Vocento taldeko egunkariek. Urtebete baino gutxiago eman du karguan lehenik Lakuako Hizkuntza Politikako arduradun nagusi izandakoak, orduan ere Zupiriaren agindupean. Dobaranekin batera, Arkautiko bigarren kargu nagusia betetzen zuenak, Amaya Angulok, utziko du ardura.

Dirudienez, Arkautin gertatzen ziren hainbat irregulartasun zuzentzeko helburuarekin ekin zion lanari Dobaranek, baina asmoa ezin izan du guztiz gauzatu, Akademiaren barruan kontrako jarrerak ageri direlako «Arkautiko zein Segurtasun Saileko zenbait botereguneren artetik, eragiteko gaitasun handikoak».

Asteazkenean barne komunikazioa zabaldu zuten Dobaranek eta Angulok, erabakiaren berri emateko. Horretan Akademia eraldatzeko oinarriak jarri dituztela aipatzen dute, baina «lekukoa pasatzeko» ordua dela jakinaraziz: «Ekainaren amaieratik, dagoeneko abian dagoen Akademia baten eskualdaketa prestatzen hasi gara, etorkizunari tinko begira, bai teknologikoki, bai prestakuntzari dagokionez, Sailaren eta Jaurlaritzaren helburuak lortu ahal izateko».

Zupiriaren sailak onartu egiten du barne desadostasunak daudela urrats horren atzean. Dobaranek garatu nahi izan dituen aldaketen aurka egin dute Arkautin indarra duten sektoreek, eta Ertzaintzaren arduradunekin ere talkaren bat izan duela aipatzen da.

Bi kontu zehatz aipatzen zituen albiste horrek: batetik, postua «era irregularrean» betetzen zuten hamar irakasle inguru kargugabetu dituela Dobaranek. Bestetik, lan eskaintza publikoko azterketetan filtraziorik ez izateko helburuari heldu diola orain arte Akademiako zuzendari izan denak. Bi neurri hauek ez omen dituzte ondo hartu zentroko zein Ertzaintzako itzal handiko zenbait kidek.

ASPALDIKO ARAZOAK

Arkautiko Akademiaren norabidearen inguruko zalantzak aspaldikoak dira. Horren adierazle da EH Bilduk kudeatzen dituen zenbait udalek hartutako erabakia; udaltzain izateko deialdiak beren kabuz egitea, Arkautitik aparte eta beste polizia eredu bat lehenetsiz.

Tarteka bazterkeria islatzen duten albisteak ageri dira, Akademiari lotuak: 2022. urtean udaltzain izan nahi zuen pertsona batek «oreina» izatearen akusaziopean formakuntza egin ondoren alboratua izan zela salatu zuen [Ertzaintzaren barruan ezker abertzaleko kideak horrela deitu ohi dituzte, mespretxuz].

Aste honetan jakinarazitakoa erantsi behar da: azken lan eskaintza publikoari dagokion azterketa ez du gainditu parte hartu duten ‘ikasleen’ %90ek. Proba teorikoan edota psikoteknikoan porrot egin dute. Bingen Zupiriak nabarmendu duenez, «ertzaina izateko ikasi egin behar da».

Adierazpen hori Dobaranek ezarri nahi izan duen zorroztasun handiagoarekin bat dator. Hala ere, lehen aipatu bezala, dimisioa eman duen zuzendariak esan du erabakia aurretik hartua zuela, ekainean hain zuzen ere.