Lauaxetaren ibilbidea hiru geltoki nagusi zeharkatuz
«Matte dan askatasuna» edo «txindor baten txintak» esanda Lauaxeta datorkigu burura, ia doinu forman. Orain dela 120 urte jaio zen ezizen horren atzean zegoen gizona, alegia, Esteban Urkiaga Basaras. Bere bi poema ezagunenez gain, hiru hamarkada pasatxoko ibilbide oparoa gogora ekarriko dugu.

Duela 120 urteko Laukizek berdegune gehiago izango zituen, baina gaur bezalako egun batez jaio zen bertan Esteban Urkiaga Basaras, akaso “Lauaxeta” ezizenez ezagunago duguna. 31 urte besterik ez zituela hil zuten, baina hiru hamarkadak askorako eman zuten; gerora musikatu zuten bere poemengatik iritsi da belaunaldi berrienengana, baina Euskal Herriko geografian zehar begirada jarriz askoz gehiago ikas dezakegu hari buruz, haren bizitzaz, sormenaz, ideologiaz. Hiru geltoki nagusi izango ditugu: Mungia, Loiola-Oñati eta Gasteiz, bidean Muskiz, Durango, Bilbo eta Gernika zeharkatuta.
MUNGIA
1905eko abuztuaren 3an jaio zen Esteban Urkiaga Basaras, Laukizen. Herriko taberna zuen bere familiak bertan, baina bizibiderik ez zegoela eta, Mungiara lekualdatu ziren 1909an, Estebanek hiru urte besterik ez zituela.
Mungian jatetxea, taberna eta pentsioa jarri zuten, egun Lauaxeta hotela dagoen tokian, eta hori izango zen gerora Estebani “Lauaxeta” izena emango ziona: Paulino apaizak etxeari izen hori eman zion etxaldea lau haizeetara begira dagoelako, kantoi haizetsu batean. Handik urte batzuetara poetak ezizen gisa hartuko zuen izena.
Fraideen eskolan ibili zen txikitatik Lauaxeta, Mungiako Ventades eskolan. Aitaren anaia bat Lekeition fraide zebilen, don Frantzisko, eta, hark zein etxekoek gomendatuta, garaian ikasketetan azkarra izanik ez zegoen aukera gehiagorik: josulagunetan ikasten hasi zen.
Latina eta erretorika Durangon ikasi ostean, Loiolan eta Oñatin egin zituen fraidetzako eta abadetzako ikasketak, baina meza berria emateko gutxi falta zitzaionean komentua utzi zuen. Garai eta testuinguru hartan ezagutu zuen abertzaletasuna, eta halaxe idatzi zuen: «Orain amar urte tautik ere enekijan euskaraz. Eta eneban maita. Zergatik? Aberrija be enebalako ezagututen. Ezagutu osuan behintzat, erdika bai baina».
Mungiara bueltatu zen, eta, bere arreba Felisak GAUR8ri kontatu zionez, oso triste itzuli zen: «Orduan ez ziren gauzok kontuan hartzen, baina nik uste dut abadetza utzi zuenean depresio negargarria eduki zuela». Arrebak azaltzen duenez, egunak ematen zituen gelatik atera gabe, leihotik ikusten zuen errekari begira, irakurtzen eta idazten; garai hartakoak dira errekari buruz idatzitako olerkiak.
Baina topatu zuen krisitik ateratzeko bidea: kazetaritza. Literaturarekin jada lotura bazuen ere, kazetaritzaren munduan murgiltzea erabaki zuen. Madrilgo “Blanco y Negro” aldizkarian aritzeko eskaintza jaso zuen, baina «inola ere» ez zuela bertan lan egingo esan, eta ezezkoaren ostean “Euzkadi” egunkarian idazteko aukera suertatu zitzaion. Hasieran, Orixeren laguntzaile gisa eta gero “Azalpenak” deitutako sailean, egunero-egunero idazten zituen iritzi artikuluak, giro politiko eta sozialari buruzkoak gehienak, baina baita umorezko ipuinak ere.
BILBO
Mungia eta Bilbo artean egin zen idazle, edo behintzat idatzi zuen gehien Lauaxetak, forma erabat ezberdinetan. 1928an Bilbon zen “Euzkadi”-n lanean, eta 1930erako Euzko Alderdi Jeltzalean parte hartzen zuen.
Euskal poesian «haize berria» txertatzea izan zen bere helburuetako bat, euskal poesia eta euskal literatura osoa berrizteko ametsarekin jaio zen belaunaldiak egin baitzion bultza. Kultur aldarrikapenak eta eraikuntza nazionala lortu nahi zuen gazte belaunaldiko kide zen poeta bizkaitarra. Beti izan zuen argi noranzkoa, Jon Kortazar idazle eta ikertzaileak azaldu duenez: «Literatura eta poesia aldatu nahi zuten, baina azken helburua mundua aldatzea zen. Lauaxetaren kasuan abertzaletasunaren bidetik aldatu nahi zuen mundua».
Ordukoak dira bere lehen lanak; 1930ean Euskal Olerti Eguna irabazi zuen, tartean Lizardi eta Orixe bera ere bazeudela. “Bide barrijak” izan zen bere lehen poema liburua; Europan bizi zen modernitatea euskaraz eman nahi zuen, eta estetika berri baten agerpena izan zen. Gai berriak ere proposatu zituen: maitasuna, existentzialismoa, heriotzari zion beldurra, poesiak gizartea eraberritzeko duen ahalmena… Eta horrek eztabaida sutsuak sortu zituen euskaltzaleen artean. 1935ean argitaratu zuen “Arrats beran” liburua, eta lehen liburuan heriotza oso presente zegoen gisara, bigarren honetan heriotza “maitasunaren bidez” gainditu daitekeela defendatzen zuen.
Tartean argitaratu zuen “Mendigoxaliarena”, 1931n. Oraindik zer zetorkion ez zekien, baina askatasunaren aldeko oihua zen garaian, jada ia askatasunaren ereserki bihurtu zen poema formako txinparta hori: «Mendi-bitxidor berdiok/ arin or duaz kantari/ ‘Dana emon biar yako/ matte dan azkatasunari’».
Hizkuntzari dagokionez, berriz, Sabino Aranaren jarraitzailea izaki, garbizaletasunaren alde egin zuen; bere ustez, poemak ez zuen mamia garbi eta lehenengoan ulertzeko moduan azaldu behar.
Lauaxeta «politika gizon» ere izan zen. Izan ere, arazo larriko garaiak edota hauteskunde aroak iristean, igandero-igandero izaten zituen Lauaxetak mitinak. Hitzaldiak emateko gaitasun handia zuela esaten da, baina beti alderdiak esandakoa errepikatzen zuela.
Literaturan bide propioa eraikitzen ari zela egin zuen eztanda gerrak, eta Euzko Gudarostean sartu zen komandante graduarekin. Intendentzia lanez eta propagandaz arduratu zen. Orduan sortu zuen “Eguna”, euskaraz soilik argitaratutako lehen egunkaria.
GASTEIZ
. Euskal Herriko historian gertakari lazgarria izan zen Alemaniako Kondor Legioak Gernika bonbardatu zuen egunekoa, 1937ko apirilaren 26koa. Lauaxetaren bizitza ere markatu zuen gertakari hark; izan ere, euskal herritarrentzat izan zen kolpeaz gaindi, lauzpabost egun beranduago Lauaxeta bera arduratu zen “La Petite Gironde” egunkariko Georges Berniard kazetariari argazkiak atera zitzan Gernikara laguntzeaz.
Gaur-gaurkoz oraindik ez dago guztiz argi nola, baina faxistek Lauaxeta atxilotu zuten. Gasteiza eraman zuten eta heriotza zigorra ezarri zioten, nahiz eta gertukoak poeta salbatzen saiatu ziren, Velez izeneko beste preso bategatik trukatzen ahaleginduz; ez zuten lortu.
Kartzelan igaro zituen egun haietan asko idatzi zuen Lauaxetak, baita marraztu ere. Ordukoak dira bere poema ezagunenak ere. 1937ko ekainaren 25ean fusilatu zuten Gasteizen, eta goizalde hartakoa da bere poema ezagunenetakoa, “Azken oyua” izenekoa: «Goiz eder onetan erail bear nabe/ txindor baten txintak gozotan naukela?/ El naiten leyora begiok intz gabe».
Gasteizko Santa Isabel hilerrian hil zuten, Bulebar aldera jotzen duen hormaren kontra. Eta, egun, leku horretan bertan bere estatua dago, bere eta askatasunaren oroimenez bere hitzak idatzita: «Dana emon biar yako, matte dan azkatasunari».
EUSKAL HERRIA
Herri zein hiri zehatz batzuk zapaldu bazituen ere, eta ezizenari men eginez, lau haizeetara zabaldu dira bere poemak jaio zenetik 120 urte igaro arren ere, eta bizi-bizirik jarraitzen du bere figurak. Urteurrenaren harira hamaika omenaldi egiten ari dira, eta horietako batean Kortazarrek «idazle nazionaltzat» jo zuen; Lauxetaren lana transbertsala izan zela defendatuz «euskal gizartean dauden alderdi politiko eta ideologikoetan zeharkako bide bat egiten duen idazlea» izan zela baieztatu zuen. Plazei, liburutegiei, eskulturei, eskolei, jatetxeei zein hotelei Lauaxetaren izena ematen zaie orain. Ea izenaz gain poesia ere gogoratzen eta ohoratzen dugun.

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Agentes del «caso Zabarte» dicen que los proyectiles «cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»
