Gonzalez Etxabarri eta Nadia Erostarbe, bikain Kaliforniako olatuetan
Kaliforniako Huntington hondartzan egin zen Challenger Series itzuliko hirugarren txapelketan emaitza bikainak erdietsi zituzten euskal ordezkariek. Annette Gonzalez Etxabarri final erdietara iritsi zen, eta Nadia Erostarbe final laurdenetara. Bi gipuzkoarrak postu onean dira rankingean.

Bart gauean amaitu zen Kaliforniako Huntington hondartzan Challenger Series itzuliko hirugarren txapelketa. Lerro hauek idazteko orduan Annette Gonzalez Etxabarri final erdietan zen; beraz, irakurleak lerro hauek irakurtzerako jakingo du zumaiarrak finalera iristea lortu zuen edo ez. Edonola ere, jada final erdietara iristea sekulako emaitza da, eta horri esker postu asko igoko ditu rankingean.
Nesken kategorian final erditara iristeko zorian egon zen beste euskal surflaria Nadia Erostarbe izan zen. Zarauztarra final laurdenetan kanporatu zuten, baina rankingeko lehen bost postuetako batean jarraitzen du; beraz, emaitza ona da, itzulia amaitzen denean lehen 7 postuetako batean egotea baita helburua.
Gainontzean, Huntingtonen olatuak txikiak eta narrasak izan ziren, Kaliforniako hondartza famatuan ohikoa izaten den bezala. Ordea, lehen mailara igotzeko lehian ari diren 80 mutilek eta 48 neskek maila itzela erakutsi zuten. Haien artean lehen mailako lehiakideak ere baziren, Kanoa Igarrashi edo Brisa Hennessy, kasurako.
Euskal Ordezkaritzari dagokionez, Annette eta Nadiaz gain, Janire Gonzalez Etxabarri ere lehiatu zen, baina ez zuen lehen erronda gainditzea lortu. Mutilen kategorian, ostera, Yago Dominguez getxoztarrak eta Keoni Lasa zarauztarrak lehen erronda gainditzea lortu zuten, baina ez bigarrena. Adur Amatriain zarauztarrak hirugarren errondara iristea lortu zuen. Hirurek apur bat gora egingo dute rankingean.
Txapelketetan lehiakide guztiek aukera berberak dituzte, baina kasu honetan esan daiteke euskal surflariek ez zutela zorte handirik izan. Adibidez, mutilen bigarren erronda 12 txandek osatzen zuten, baina lehiatzen ziren hiru euskaldunetatik bi txanda berean sartu zituzten. Adurrek eta Keonik elkarren kontra lehiatu behar izan zuten. Eta hori nahikoa ez eta hirugarren errondan Adurri lehiakide zailenetakoa egokitu zitzaion, Kanoa Igarasahi, CT rankingean hirugarrena den bertako surflaria. Antzeko zerbait gertatu zen nesketan. Bigarren erronda 8 txandek osatzen zuten, baina Annette eta Nadia txanda berean jarri zituzten. Biek lortu zuten erronda gainditzea eta aurrera egitea.
RANKINGETAN ALDAKETAK
Huntingtonen olatuak txikiak eta eskasak izan ohi dira, eta horrelakoa izan zen aurtengo txapelketan ere, nahiz eta azken egunean olatuen tamainak apur bat gora egin zuen eta azken txandetan metro eta erdiko olatuak izan ziren. Euskal Herriko hondartzetan izaten diren olatuen antzekoak dira, eta emaitza onak lortu izan dituzte euskal surflariek Kaliforniako hondartza famatuan.
Erostarbe, esaterako, final erdietara iritsi zen iaz. 2023an eta 2022an ere emaitza onak lortu zituen zarauztarrak Huntingtonen, aurten bezala, final laurdenetara iritsi baitzen. Orain nesken CS rankingean postu onean dago. Hegoafrikan erdietsi zuen garaipenarekin eta Kalifornian izan duen emaitzarekin CS rankingeko lehen bost hoberenen artean aurkitzen da.
Annette Gonzalez Etxabarri bikain aritu zen olatu gainean, baina akats larriak ere egin zituen, ez baitzituen lehentasun arauak behar bezala baliatu. Zumaiarrak lehen urtea du CS mailan eta, zalantzarik gabe, akatsetatik ikasiz, postu on bat lor dezake denboraldi amaieran. Hots, Huntingtonen lortutako emaitzari esker, orain arteko 40. postua atzean utzi, eta, nabarmen gora egingo du CS rankingean.
Orain arte CS itzuliko hiru txapelketa bakarrik egin dira, eta kontuak asko aldatzen dira txapelketa bakoitzaren ostean, baina pixkanaka lehen postuetan diren lehiakideak egonkortzen has daitezke. Horixe bera gertatzen ari da nesken kategorian. Lidergoa aldatzen da, batzuek postu bat behera eta besteek gora egingo dute, baina lehen postuetan direnek goian jarraitzen dute. Mutilen kategorian, ordea, aldaketak askoz ere nabarmenagoak dira; lidergoa etengabe aldatzen ari da, eta baita lehen hamar postuetan diren surflarien izenak ere.
Aurtengo CS denboraldia apirilean hasi zen, eta 2026ko apirilean amaituko da, hasi zen leku berean, New Castlen (Australia). Guztira, 7 txapelketek osatuko dute denboraldia, tartean, lehen aldiz CS mailako lehiakideak Pipelineko olatu beldurgarrietan lehiatuko direla. Eta amaieran, lehiakide bakoitzaren bost emaitza hoberenak hartuko dira kontuan, lehen mailara nortzuk igoko diren erabakitzeko. Horrela, CS rankingeko lehen 10 mutilak eta lehen 7 neskak igoko dira CT mailara.
HURRENGO TXAPELKETAK
Huntingtongo txapelketa amaituta, atsedenaldi labur bat hartuko dute CS mailako lehiakideek, nahiz eta haietako asko QS mailako txapelketan lehiatuko diren. Irailaren 29an hasiko da Ericeiran (Portugal) CS itzuliko laugarren txapelketa, eta urriaren 11n Brasilgo Saquareman elkartuko dira itzuliko bosgarren txapelketan lehiatzeko. Urtarrilean Hawaiiko Oahu uhartean egingo dute CS itzuliko seigarren txapelketa, Pipelinen, eta apirilean Australian amaituko dute denboraldia.
Aitzitik, lehen mailako CT itzulia amaitzeko gutxi falta da. Abuztuaren 7an hasiko da Tahitin 11. txapelketa, eta ondoren txapelketa bakarra faltako da WSL titulu mundiala nortzuk irabazten duten erabakitzeko. Alegia, 27tik irailaren 4ra Fijiko ezker olatu amaigabeetan egingo duten txapelketa handia.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
