Irudien garrantzia, gorpuak gorputz bihurtzeko
Mauro Saravia argazkilari euskaldun-txiletarra elkarrizketatu du GARAk. Errefuxiatu euskaldun eta katalanen biloba, ondotxo ezagutzen ditu gerraren eta ahanzturaren ondorioak, eta frankismoaren biktimen desobiratzeak dokumentatzen sekulako lana egin du azken urteetan. Kasu honetan, Arantzadi eta Euskal Prospekzio Taldeak Urduñan egindako lana jaso du, gorpuzkien aurkikuntzatik hasi eta familiei egindako entregara. Lerratuta eta lokatzetatik, «irudien bidez historiak kontatzea» da bere xedea.
Halako lanak eta kontakizunak ezinbestekoak dira. Izan ere, gerra politikaren jarraipena beste bide batzuetatik bada -Clausewitzen definizio klasikoa-, irudien eta errelatoaren inguruko borroka politikoa gerrako lubaki garrantzitsuetako bat izaten da. Frankismoaren kasuan ere halaxe izan zen. «Gurutzada santua» ohoratzeko ekitaldiak egiteaz batera, sarraski horien erantzuleak eta ondorioak ezkutatzeko ahaleginak eta bi egin zituzten: Gernikan eta beste hainbat herritan egindako bonbardaketak «gorri separatistei» egotzi, hildakoak ukatu, Kausa Orokorraren bidez beraien krimenak legitimatzen saiatu, artxiboak sistematikoki ezabatu, mantendu ziren artxiboak argitaratzea ekidin -oraindik indarrean jarraitzen du 1968ko Sekretu Ofizialen Legeak-... edota, zuzenean, horren inguruko albiste, irudi eta salaketak debekatu, luze iraun duen isiltasuna eta beldurra ezarriz.
Horren aurrean, nola gorpuzkiak bilatuz, hala hori dokumentatuz, frankismoak eta bere oinordekoek itzalean utzi nahi izan dituzten urraketak eta biktimak argitara ateratzeko lan eskerga egin da azken urteetan. Irudi, idatzi eta bestelakoen bidez, bide horretan jarraitzea funtsezkoa izango da aurrerantzean ere. Hasteko, Saraviaren hitzetan, horrela goxatzen direlako zauriak: «Bere senitartekoa aurkitzen dutenek zauria ixten dute». Gainera, hildakoei duintasuna itzultzen zaielako: «Hondarrak hartu, berreskuratu eta identifikatzea loraldi baten antzekoa da: ahaztutako pertsona berriro agertzen eta loratzen da». Finean, gorpu ikusezinak izen-abizendun gorputz bilakatzen dira. Hori da zor zaien gutxienekoa.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
