Erroldaren garrantzia nabarmendu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak
Errefuxiatuek «giza eskubideen urraketa sistematikoa» pairatzen dutela salatu zuen atzo Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, urtero deitu ohi duen Martxa Horian. Honekin batera, udalek errolda egokiak egiteko kanpaina abiatuko dute, oinarrizko zerbitzuetarako atea delako errolda agiria izatea.

Gorlizko hondartzatik atzo eguerdian abiatu zen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituriko Martxa Horiak «giza eskubideen urraketa sistematikoa» salatu zuen. Martxa Arkoteko arrapalan amaitu zen, hildako errefuxiatuak gogoratzeko ekitaldi batekin.
«Munduan areagotzen ari diren politika belizistak eta berrarmatzaileak salatzen ditugu, bereziki AEBn eta Europako zenbait herrialdetan ultraeskuina boterera iritsi ondoren», adierazi zuen OEEk.
Nazio Batuen Gutunaren gutxiespenaren normalizazioa eta urraketa sistematikoa dela gaineratu zuen plataformak, Gazan jazotzen ari den genozidioa horren adibidetzat jarriz eta nazioarteko komunitatearen «axolagabekeriaz eta konplizitateaz».
Halaber, Europar Batasuneko migrazio arloko politikak kritikatu zituen taldeak atzoko Martxa Horian: «Jatorrizko herrialdeetatik modu behartuan atera behar ez izateko baldintza ekonomikoak eta sozialak sortzen lagundu beharrean, modu ordenatuan eta legalean kudeatuta eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako migrazio politikak ezartzen lagundu beharrean, migratzeko eskubidea kriminalizatzen da».
Panorama ilun honetan aurrerapenak ere ematen direla ohar egin zuen OEEk. Izan ere, iazko martxan udal erroldaren garrantzia azpimarratzeko kanpaina bati ekin zioten, hain zuzen ere, Eudeli erroldei buruzko protokolo bat ezartzeko eskatzea xede.
KANPAINA EMANKORRA
«Pozik esan behar dugu, urtebete geroago, kanpaina hau emankorra izan dela eta ekainean Eudelek egoera berezietan erroldatzeko irizpide komunak onartu zituela. Irizpide horietan jarraibide komunak ezartzen dira udalentzat, pertsonen erroldatzea errazteko, eztabaidak eta interpretazio desberdinak saihestuz, eta hori modu eraginkorrean eta segurtasun juridikoarekin egiteko», azaldu zuen.
Dena den, Eudelen irizpideak udalentzako gomendioak baino ez direla ohartarazi nahi izan zuen OEEk: «Orain bigarren fase batean sartuko gara, eta euskal udalei eskatuko diegu gomendio horiek praktikan jartzeko eta ahalik lasterrena egiteko, behar diren prozedurak eta baliabideak bideratuz. Gure kasuan, Uribe Kostako Mankomunitatera eta mankomunitatea osatzen duten udaletara jotzen dugu, horiek betetzeko behar diren protokoloak ezar ditzatela eskatzeko».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
