«Zubiak eraikitzeko bidea» berretsi eta «gogotsu» ekingo dio Sarek kurtsoari
Ehunka lagunek bat egin zuten presoak etxeratzeko aldarriarekin, abuztuko azken ostiralean egindako elkarretaratze eta manifestazioetan. Uda bukatutzat emanda, Sarek eta Etxeratek «gogotsu» ekingo diote ikasturte berriari, eta «zubiak eraikitzeko» momentua dela aldarrikatu dute.

Preso, iheslari eta deportatuek oraindik ere pairatzen duten salbuespen egoera gainditzeko baldintzak egon badaudela nabarmendu da Euskal Herri luze eta zabalean zehar abuztuko azken ostirala dela-eta egindako elkarretaratze eta manifestazioetan. Ehunka lagunek bat egin zuten presoak etxeratzeko aldarriarekin.
Udan zehar, urtero egin ohi duten bezala, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarriekin busti dituzte Euskal Herriko hamaika txoko Sarek eta Etxeratek. Herrietako zein hirietako jaietan ere konponbidearen, bakearen eta elkarbi- zitzaren beharra aldarrikatu eta «etxera» erreibindikazioa protagonista izan da enegarren aldiz.
Aurten ere nabarmena izan da zenbait arduradun politikok, alderdik eta taldek Sareren eta Etxeraten lanarekiko eta aldarrikapenekiko erakutsi duten jarrera eta kriminalizazio nahia. Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan izan zen polemika handiena, Buesa Fundazioak euskal presoen egoera salatzen zuten kartelak eta pankartak kentzeko kanpaina abiatu zuenean eta Gasteizko Udalak afixak egunero kentzeko agindu zionean udaltzaingoari. Hala ere, ez zuten lortu aldarriak berriro ez agertzea.
Sarek gogorarazi zuen bere eskaerak demokratikoak direla. «Legezkoa eta zilegia den aldarrikapena kriminalizatzea da, eta aldarrikapen honek ez du inoiz kaltetu biolentzia ezberdinen biktimei momentu oro adierazi izan diegun etengabeko elkartasuna», argudiatu zuen.
Azken ostiraleko elkarretaratzeetan Sarek berdina aldarrikatu zuen, eta bere lanaren balioa berretsi zuen: «Ez gaituzte inondik inora ere gure lanean etengo. Sarek lanean daramatzan 11 urteotan izan dira erreibindikazio horiek gure funtzionamenduaren ardatz eta aurrerantzean ere hala izaten jarraituko dute».
KURTSO BERRIARI BEGIRA
Abuztuaren amaierara iritsita, ikasturte berriari ekiteko gogotsu daude Sare eta Etxerat: «Amaiera eman diogu euskal herritarron gehiengoak udako oporraldiari. Zenbait lantegik egingo duten moduan, Sare Herritarreko kideok ere prest gaude kurtso berriari hasiera emateko».
«Zubiak eraikitzeko» momentua dela aldarrikatu zuten, «eta ez ondokoaren mina gutxietsi edo lehen eta bigarren mailako biktimak izendatzekoa». «Elkarren sufrimenduak aitortu eta oraindik indarrean jarraitzen duten sufrimenduekin amaitzeko momentua da», gehitu zuten.
Hortik abiatuta, «elkarbizitza agertokietara» jauzi egitea «ahalbideratuko digun konponbidea» eskatzen jarraituko dutela ziurtatu zuten.
«Bake justu eta iraunkor bat eskuratzeko bidean, biktima guztiak aitortu, errekonozitu eta erreparatzearekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea ematea izango da elkarbizitzarako bidea urratzeko beharrezkoak izango zaizkigunak. Gu, zubiak eraikitzeko bide horretan berresten gara», adierazi zuten.
Gogo eta konbentzimendu horrekin emango diote hasiera kurtso berriari eta, aurrean dituzten erronkak «mardulak» direla aitortu duten arren, «konpromisoz» abordatuko dituzte urtarrilera arte antolatuko dituzten ekimenak.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
