Jon GARMENDIA
Idazlea

Prometeoren sua

Suarekin daukan harremanaz aritu zait Jon, sortzaile eta artista bikaina; urrun zeukala, bere bizitzatik ia desagertua, eta suaren garrantziaz ohartarazi nau. Jon entzun arau, buruan izan dut tximinien agorra, lapikoentzat indukzioa, txondorren desagertzea eta Zeusen malaletxea, nola ez. Prometeorena baita mitologia grekoan suaren inguruko ipuin ezagunena. Kontatzen da, gizakiak iluntasunean bizi ziren garaian, Zeusen gidaritzapean, jainkoek Olinpoan bizi zirenentzat baizik ez zutela sua. Bero barik gizakia, metalak urtu edo janaria prestatzeko aukerarik gabe. Prometeo titanak, ordea, giza ahultasunaz errukituta eta inteligentzia ardatz, Zeusi aurka eginda jainkoen sua ostu zuen, kanabera baten zurtoinean gordeta gizakiei emateko. Ekintza hura errebeldiaren adierazpena izan zen eta, aldi berean, gizateriarenganako maitasunaren seinalea, sua ez baitzen bero hutsa: teknikaren, zibilizazioaren eta ezagutzaren hasiera baizik. Hala ere, Prometeoren ausardiak ondorio latzak izan zituen; gizakia zigortzeko Pandoraren kutxa sortu zuen Zeusek, zitalkeriaz, samintasunez, nekez eta gaixotasunez beteta, eta Prometeo hilezkorra arroka batera kateatu zuen; han, egunero, arrano batek bere gibela jaten zuen, eta berriz hazten zitzaion, eta horrela zigorra etengabe errepikatzen zen. Hortxe ulertzen dut sua ez dela elementu fisiko hutsa, boterearen, askatasunaren eta zigorraren loturaren ikur bat baizik. Eskerrak tximiniako sua pizteko hilabetean sartu garela.