Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Asiar Mendea ez da binakako dantza

Deng Xiaopingen ahotan ipini ohi den «dragoi eta elefantearen arteko dantza» ekarri dute hizpidera askok Tianjineko goi-bileraren karira. Gorabehera konplexuak ulerterrazak direla sinetsi ahal izateko aukerakoak izan daitezke Dengen zahar-hitz apokrifo samarrak. Inork ez du gogoratu nahi izan, ordea, Xi-ren eta Modi-ren arteko entente suspertua bera ulertzeko askoz egokiagoa litzatekeen aurrekaria, Nehru-ren eta Zhou Enlai-ren artekoa.

Ez da binakako dantzaldia izan, hala ere, Tianjinen ikusi dugun hori eta, gauzak ondo bidean, datozen urteetan are gehiago ikusi behar genukeena. Egia da aldebiko bilkuretakoak izan direla topaketaren jaki-puska gutiziagarrienak. Eta bi handi-handi horien artekoa izan da, esan dezagun, bueltako kanpaiak entzunarazi dizkiguna. Baina handitasuna −biztanlez, hedaduraz, ekonomiaz...- banatu samar dago Asian, eta ezingo da ukatu Putinek, Xarifek eta abarrek ere ez dutela aukera alferrik galdu, nork bererako.

Hain zuzen ere, «handien arteko hitzordu» horretan egon ez diren hiruren absentziak eman behar luke lehen gogoeta-bidea. Bi, ziurrenik, nahi bai baina, barne-estutasunak medio, ezin izan direlako egon: azken unean etxeko iskanbilari aurre egiten geratu behar izan du Indonesiako Subiantok, eta auskalo noranzko trantsizio betean dagoen Bangladesh. Bestelako kontua da AEBrekiko adiskidantza behartuagatik Tianjinen antzeztu den «Asiar Mendearen» abiatze ekitaldiari uko egin nahi izan dion Japoniarena.

Izan ere, dantzak dantza, «Asiar Mendea» deitu ohi den horren abiapuntua izan da Tianjinekoa. Imajinatzen dut esne-mamitan egongo dela oraintxe bertan Kishore Mahbubani, egitasmoaren asmatzailea ez baina azkenaldian haren igarle nagusia izan dena: gerrarik gabe gatazkak konpon ditzakeen kontsentsu bat, Mendebaldeak berrasmatu dituen muga-langak eraitsiko dituena... gizateriaren erdiari baino gehiagori garabidea eskaintzeko.

Hala bada...