Sania MAHYOU

KIZKURRAK TUNISIAN, KATEAK HAUSTEKO

Tunisian gero eta emakume gehiagok uko egiten diote ilea lisatzeari, kizkurrak harrotasunez erakutsiz, estereotipoei aurre egiteko.

Emakume kizkurdun bat, Tunisiako ile-apaindegi batean.
Emakume kizkurdun bat, Tunisiako ile-apaindegi batean. (Fethi BELAID | AFP)

Mouna Jebalik urte luzez erabili zuen lisagailua, Tunisian nagusi ziren edertasun kanonei jarraituz. Txikitatik erakutsi zioten ile kizkurra ez zela «txukuna». Orain, ordea, «kizkurren iraultzarekin» bat egin du, gero eta emakume gehiagok hautatzen duten joerarekin. «Nire semeak ile kizkurra du eta hari esker nik ere onartu dut neure burua», azaldu dio AFPri. Afrika iparraldean ohikoa da kizkurrak lisatzea, presio sozial eta laneko aurreiritziak direla medio. 2011ko protesta handien ostetik, ordea, kaleetan ikusgarriago bihurtu da ile naturala. Pineapple Studio sortu duen Dhouha Mecherguik gogoratzen du nola behartzen zituzten lisatzera. «Naturala hautatzea balentria da», esan du. Osasunak gero eta garrantzi handiagoa hartu du: ikerketa batek frogatu du lisatzeko produktuek umetoki-minbizia izateko arriskua handitu dezaketela. Nawal Benalik «testurismoa» deitzen dio presio horri. Estatu frantsesean ez bezala -iaz onartu zuten-, Tunisian ez dago «ileagatiko diskriminazioa» debekatzen duen legerik, baina kizkurra zaintzeko produktuen marka baten sortzaile Sirine Cherif ziur dago «aldaketa erradikal» bat abian dela.