«Gure bezero askok gazta fuertea atsegin dute»

Bikote gaztea da Agurtzane Gabiria eta Aitor Mantxola legazpiarrena. Biek egiten zuten lan industria arloan, eta biek erabaki zuten soldata segurua utzi eta artzaintzari eta gaztagintzari ekitea, “Makatza” markapean. Gabiriaren etxean, Makatza baserrian, betidanik eduki dituzte ardiak, baina alabak ez zeukan baserriko lanerako joerarik eta kalean egiten zuen bizitza. Baita Mantxolak ere. Baina bizitzak itzuli asko ematen ditu, eta horietako batean, duela bederatzi urte, lehenaren aita Pedroren osasun arazoak zirela-eta, bigarrenak fabrika utzi eta emaztearen etxeko artaldearen ardura hartzea erabaki zuen. Duela hiru urte, Gabiriak bide bera hartu eta bikote profesionala osatu zuen senarrarekin. Izan ere, ordurako bi ume txiki bazituzten eta oso zaila gertatzen zitzaien fabrikako ordutegia, baserriko lana, haurren zaintza… horiek denak kontziliatzea.
Makatzan latxa mutur beltzeko artaldea zuten, eta horrekin ekin zion lanari bikoteak. Jakin jakin, ama Inesek zekien gazta egiten, eta hark erakutsi zien alabari eta suhiari -baina amak segitzen du ale gehienak egiten-. Ikastaroak ere egin dituzte gero, ofizioaren alderdi guztiak ondo menderatzeko. Bikoteak argi du lanbidea dutela, soldata atera beharra dagoela, eta artisau gazta den arren, tresneria modernoaren laguntza guztia ongi etorria dela. Abenduaren erdialdetik ekaina bukaera arte-edo egiten dute gazta.
Gazta naturala eta ketua egiten dituzte; azken hau ekoizpen osoaren hirutik bat da jada. Gatzagi naturala erabiltzen dute, etxeko arkumeena. Saldu, berriz, Legazpi eta Zumarragako azoketan, Legazpiko eta Oñatiko denda batzuetan, eta etxean bertan. Antzemanda daude bezeroek «gazta fuertea» nahiago dutela, eta horregatik erosten dutela gehiago kanpainaren bukaera aldera, gazta asko ondu den garaian.
Txapelak irabazitakoak dira Makatzako gaztak -horietako bat, Gipuzkoako Txapelketa, 2017an-, baina, oro har, txapelketa egunak egunpasa egiteko baliatzen dituzte, beste gaztagile batzuekin egoteko, elkarren berri izateko eta gazta eta ogia erosteko: «Askotan ahuntzena erosten dut, zapore ezberdinak dastatzeko», aitortu digu Gabiriak.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
