Pentsiodunek kaleak hartu dituzte berriz ere, Lakuaren jarrera kritikatzeko
Udako etenaldiaren ostean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua kalera atera zen atzo, asteleheneroko mobilizazioei berrekinez. Lakuak atzera bota zuen joan den astean pentsiodunen herri ekinaldi legegilea eta, ondorioz, manifestatzera deitu dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) berriz ekin zion atzo asteleheneroko kontzentrazioak egiteari, udako etenaldiaren ostean. Ohi bezala, 12.00etan bildu ziren herriko plazetan eta irmoki salatu zuten Lakuaren jarrera. Honen iritziz, pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko osagarri bat sortzea «ez da beharrezkoa», eta, beraz, joan den asteartean atzera bota zuten pentsiodunek aurkeztutako herri ekinaldi legegilea.
Legebiltzarrak erabat baztertuko du ekimen hori aintzat hartzea eta horren ondoriozko tramitazioa, gobernua osatzen duten taldeek (EAJk eta PSEk) gehiengo nahikoa baitute erabaki hori babesteko irailaren 25ean, politika orokorrari buruzko osoko bilkuran.
Atzo Gasteizen egindako mobilizazioaren ondoren, Jesus Maria Soubies Herri Ekinaldi Legegilearen talde sustatzaileko kideak EAJri eta PSEri leporatu zien «eztabaidan aurpegia eman nahi ez izatea».
Horrez gain, Soubiesek nabarmendu zuen pentsio baxuenen igoera «garai baten beharraren ondorio» dela eta pentsiodunek ez dutela «miseria bat kobratzen duen gizartea onartzeko asmorik».
HERRI BORONDATEA
Atzoko elkarretaratzeetan Lakuaren aurkako kritikak errepikatu ziren. Hala, «herritarren parte-hartze politikorako eskubideari iruzur egitea eta eskubide hori zapaltzea» gaitzetsi zuten pentsiodunek. Hain zuzen, 145.000 sinadura lortu zituzten udan zehar. Azpimarratu zutenez, jarrera horrekin, Lakua «herri borondatea mespretxatzen» ari da.
Hori dela eta, pentsioen osagarri bat sortzearen aldeko manifestaziora deitu zituzten herritarrak; irailaren 20an izango da, 12.00etan Donostiako Bulebarretik eta Gasteizko Artium plazatik eta 18.00etan Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuta.
Horren ondoren ere, irailaren 25ean, Gasteizen, manifestazio nagusi bat egingo dute.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
